Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Lehengoan ari, bitartekari

Politika orokorreko eztabaida izan da horko ganberan. Ganbara ere esan liteke, urtean behingo eztabaidan nork bere ganbara trastez husten baitu. Total, eztabaida, batzuek ez eta bai besteek. Marx anaien kabina hartakoa gogoan. Holaxe da politikaren bide instituzionala! Horrek emana gerora begira zelan kudeatu da kontua! Nork bere geroan! Hortaz, hemengo lehendakariak frustrazioa sumatzen du bere geroan, estatus berriaren oinarriak zabaltzen ez badira. Kolpea! Eraikin batean oinarriak asko zabalduz gero… teilatu bihurtzen dira, oinarririk gabek. Eta itoginak nagusi!

Are kolpeago! 40 urte betetzear dituen Estatutuak adostasun zabala izan zuen oinarrietan, eta? Hortxe dago, helduaroa ezagutu ezinean, iraungitze-data bera aspaldian iraungia. Hala ere, batzuek jo eta ke hura bete arte! Hortaz, frustrazioa ez da etorri daitekeen zerbait, azken hamarkadetan joan ez dena baizik. Lehendakariak faltsutu egin du kontzeptua, “lehengoan ari” den pertsona bihurtuta. Jainkoa eta lege zaharkituak. Bitartekari lana hartu du, pulpitutik hartu ere. Amen. Izan ere, urrunetik programatutako estatutu-zaharkitzearen aurrean, bera bitartekari paratzen da, “bitartean” den basamortua kudeatzea helbide eta helburu. Normala basoa gaixotzea!

Psikologian erabiltzen ei da “frustrazio” kontzeptua, helburuak lortu ezin direnean ematen den hori. Jakina, horretarako jakin egin behar da helburuak zeintzuk diren, konfederaziorik ez baita konstituziotik posible. Hor ez dago konponbiderik, egotekotan hor-konponbidea! Baina bada beste definizio bat, bitartekoen erabilera egokia ez hautatzea. Bitartekoak eta helburuak, hori euskaldunon errotonda. Portzierto, psikologia arimaren ezagutzaren zientzia dela ikusi dut nonbait. Akabua! Eskerrak jelkideek hori guztia argituko duten, berriro ere, hil honen azkenean Altubeko larretan…