Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Paraxutista

Bihar, Bartzelonako alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko omen du Manuel Vallsek. Komunikazio lanetan trebe, duela egun batzuetatik hona, aperitifa moduan, mezuak zabaltzen joan da sare sozialetan arreta bereganatzeko. Haserre azaldu dira Asanblea Nazionalean kide (?) dituen hainbat diputatu. Galdera ikur hori jarri badut, oso kide sentituko ez direla uste dudalako da. Izan ere, Frantziako lehen ministro sozialista ohiak, iaz diputatu eserlekua lortzeko egin zituen trikimailuak ez dituzte ahazteko. Gogora ekartzearren, PS utzi eta presidentetzarako hauteskundeetan porrot izugarria jaso ostean, Macronen hegalpean aurkeztu nahi izan zuen. Gaurko presidenteak ez zion bedeinkapen zuzenik eman, baina bere hautesbarrutian ez zion alderdiko hautagairik aurrez aurre jarri. Hala, nekez izan bazen ere, Frantzia Intsumisoa alderdiko hautagairi gailendu eta diputatu izatea lortu zuen.

Baina, babesa emango dion alderdirik gabe, nola ase bere protagonismo eta botere egarri itzela? Bada, oraingoan ere aurkitu du bidea. Atzora arte Frantziako ikur den Marianne bera baino frantsesago zenak, orain Espainiako batasuna salbatzeko gurutzadaren buru jarri nahi du, non eta Kataluniako hiriburu nagusian alkate izanez (edo «Espainiako kokapitalean» bere asmotan).

Boza eman zioten hautesleek bost berari! Alta, diputatu eserlekua eta hileroko 7.210 euroak galtzeak, agian, bai. Ez batere harritu, baina, dimititzeko egin dioten eskaerei entzungor egitea. Edo, beharbada, hori ere kalkulatuta dauka Pariseko Legebiltzarrean piper egiten hilabeteak daramatzan politikariak. Denbora hori bere sorleku «ahaztezin» duen Katalunian igaro omen du, bere gurutzada prestatzeko harremanak josten. Manuel Vallsen ibilbide politikoari gainetik bada ere so eginda, edonor ohartuko da paraxutista abila dela eta jauziak ondo neurtzen dituela, baita porrot egiteko aukerak ere.

Hori espero dut nik eta hori opa diet bartzelonarrei, bere ahaleginean porrot egitea, alegia. Izan ere, hautagai izan baina aginte makila eskuratzen ez badu, ez dut uste zinegotzi “soilaren” eginbeharretan geratuko denik, non eta ezkutuko beste pretentsiorik ez duen. Ikusiko...