A.K.
LASARTE-ORIA

Musuari kantu eta keinu, tradizio zaharberrituen transmisore

Goizeko zortzietan deitu zion Joxe Mari Agirretxek, Porrotx, Leire Bilbao idazleari haien disko berrian parte hartzeko gonbita luzatuz. Onartu zuen erronka. Eta ez nolanahikoa. Bereak dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen disko berriko kantu eta kontuetako letrak.

“Musua” du izena lan berriak, eta konexio gune izaera hartu du barne. Letrak Bilbaorenak ditu eta haien doinua ohiko lankide eta kolaboratzaile duten Xabier Zabalarenak dira. Baina diskoak badu hirugarren hanka bat, ez horregatik garrantzia gutxiagokoa. Kasuan, Maite Mutuberria ilustratzaile ultzamarraren irudiek osatzen dute udazkeneko egitasmo berria. Diskoa Kaki Arkarazoren eskuetatik pasa da, Andoaingo Garate estudioetan grabatua izan ondoren.

Lana ospakizun

Lasarte-Oriako Jalgi kafe antzokian egin zuten atzo eguerdian hitzordua pailazoek. Haiek lana dena ospakizun bihurtzeko abilezia izan ohi dute, ordea. Irurtzundik etorritako Orritz-Iskidi joaldun taldea, Txapas eta bere soinua eta herriko Xumela korua izan ziren gonbidatu nagusi.

«Proiektu guztiz borobila da, biraka dabilelako mundua bezala, egutegiko orriak bezala. Gure tradizioarekin zerikusia duten egunak hautatzen ditugu egutegian: santa eskea, inauteriak, udako solstizioa, arimen gaua... Eta tradizio horiei guztiei buelta bat eman diegu, berriak sortuz eta zaharrak mantenduz, beti transmisioa mantenduz», adierazi zuen Leire Bilbaok.

Hamabi kantu poema eta kantu-kontuk osatzen dute “Musua”, eta, entzumenaz gain, ikusmena lantzeko aukera ere ematen du proiektuak, Maite Mutuberriaren ilustrazioen bitartez. «Saiatu naiz naturaz betetako mundu oso bat eraikitzen. Horretarako mundu bat zabaltzen zaigu, bertan barneratzen gara eta urtaroak, argiak, koloreak markatuz goaz. Fantasiazko orrialdeak sortu ditut. Erronka handia izan da hainbestetan irudikatuak izan diren pailazoak mundu horretan txertatzea».