Mikel ZUBIMENDI
ArAntzazu
Entrevista
MIKEL GORROTXATEGI
EUSKALTZAIN URGAZLEA, ONOMASTIKAN ADITUA

«Gizarteak bere egin ditu euskal izenak, gainkarga politikorik gabe»

Bilbon (1963) jaioa, Euskaltzaindiaren Onomastika Zerbitzuko arduradunak lan zinez interesgarria plazaratu berri du Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrean. Euskal izenak nola aldatu diren, horren zergatiak eta nolako eragina izan duten auzoko lurraldeetan aztertu du.

Lekuetatik datorkio Gorrotxategiri izenekiko interesa, onomastikarekiko pasioa. «Lekuek inork baino hobeto islatzen dute ‘izena duena bada’ hori, mendian dauden leku guztien artean banaka batzuek baino ez dute izenik, eta horiek dira benetan existitzen direnak, gainerako guztiak ez dira. Hor daude, lekuak dira baina ez dute izenik eta ez dira ezer. Hor ikusten duzu izena duena badela eta ez duena ez dela».

Gaiari lotu gatzaizkio: Hego Euskal Herrian pertsona izenen bilakaerari eta Espainiako Estatuan izan duten eraginari, alegia. Hartara, 2016an 1 Formula-ko txapeldun izan zen Nico Rosberg-ek alabari jarritako Alaia euskal izena ekarri dugu gogora, hautaketa hori gure izenen zabalkundearen erakusle delakoan. Zertan nabaritzen du aditu honek euskal izenen hedapen hori?

«Boom batez hitz egitea zaila da, oso herri txikia garelako. Niretzat kuriosoa izan zen 1 Formula-ko txapeldun horrek bere alabarentzat euskal izena hautatzea. Ez dut lortu jakitea nola hartu zuen Alaia izena, baina nik antzemanda nuen joera: onomastika sailean egiten dut lan Euskaltzaindian eta ikusita nuen jende askok egiten zituela kontsultak euskal izenak ipintzeko, eta gero, prentsan eta irakurrita, argi zegoen Espainia mailan zabalduta zeudela euskal izen batzuk, eta batzuk nabarmen ugariak zirela gainera».

Europa eta mundu mailan izendegian etengabe burutzen dira berritzeak eta osatzeak, eta Euskal Herrian 70eko hamarkadatik hasita, prozesu hori erabatekoa izan dela dio Gorrotxategik, goitik behera aldatu dela. «Ikusi nuen euskal izenak bazirela hor erdian eta orduan pentsatu nuen interesantea izango zela jakitea ea susmo hori egiatan funtsatua zen datuetan, edo kasualitatez euskal izenak ipintzen dituzten pertsona famatuak ezagunak nituela, edo noraino zen benetako gertaera bat Espainia eta Frantzia mailan. Frantziakoa aztertzean badaude eragozpen bi: Ipar Euskal Herria askoz ere zabalagoa den departamendu batean dagoela sartuta eta estatistika aldetik ezin duzu esan, Hego Euskal Herrian bezala, erabiltzen diren izenak errazki zeintzuk diren. Baina egin nuen ikerketatxo bat Frantzia mailan eta erabiltzen diren euskal izenak anekdotikoak dira; horren datu adierazgarria badut nonbait –paperak errepasatu ditu–: 2016an, adibidez, Espainian jarri ziren 1.307 Iker eta horietatik 175 Hego Euskal Herrian, eta Frantzia osoan 8. Eta nesketara joanda, bada, Ainhoa adibidez, Espainian 1.118 jarri ziren, Hego Euskal Herrian 37 eta Frantzia osoan 46. Baina Asier, adibidez, 2016an ez zen Frantzian jarri, zero. Ostera, Hego Euskal Herrian 105. Orduan erabaki nuen Frantziakoa ez aztertzea, nolabait anekdotikoa delako».

Izendegi mailan hiru edo lau aldaketa aipatzen ditu. Hego Euskal Herrian argi dago euskal izenek gain hartu dietela nabarmen beste erdal izen guztiei. 70eko hamarkadatik hona datorren joera bat da. Lehen aldaketa honen inguruko arrazoiak aztertu ditu? Ez al da euskarak duen erabilerarekin alderatuz gero euskal izenen erabilera pixka bat deskonpentsatua?

Uholde politiko-kulturala

«Hor gertaera ezberdinak daude –hausnartu du Gorrotxategik– eta elkarri laguntzen diote hori hala gertatzeko. Lehenengo eta behin, Franco hil ostean bazegoen nolabaiteko euskal izenak jartzearen aldeko jarrera politiko-kultural bat, jendeak euskaltasuna berreskuratu nahi zuen eta aldarrikatu nahi zuen eta errazena zen izenekin hastea. Gainera, lehenago euskal izenak debekatuta egon izanak ekarri zuen jendea irrikaz zegoela euskal izenak ipintzeko. Horrek ekarri zuen uholde politiko-kulturala».

Eta hari beretik tiraka, hau gaineratu du: «Bestetik, badago jende asko betiko izenen ordez izen berriak nahi dituena. Horren adibide garbia da Hego Euskal Herrian gaur egun gurasoen izen bera jartzea erabat anekdotikoa dela. Hori orain dela 40 urte nahiko normala zen eta orain dela ehun urte lehen semeak aitaren izena hartzen zuen eta lehen alabak amarena. Hori gaur egun anekdotikoa da, jendeak ez du nahi izenak errepikatzea. Eta txertatua dago Europa mailan izenak berriztatzeko dagoen gogo batekin. Eta kuriosoa da, batzuek izen klasikoak errekuperatzea nahi dute eta beste batzuek izen berri-berrien alde egiten dute. Eta izen berritze joera edo nahi horretan, euskal izenak oso ongi etorri ziren».

Ideia bat azpimarratu du: «Euskal izenek lortu dute politika eta hizkuntza banatzea eta izen neutro bihurtzea. Debekatu zirenean, 1939an, espresuki esaten zen ‘son contrarios a la unidad de la Patria’. Garai hartan euskal izen gehien-gehienak markatuak zeuden abertzaleak zirelako. Agian, Franco hil ostean gehienak ere bai. Baina gaur egun, zorionez, hori gainditu da, iraganeko kontua da, eta euskal gizarteak ulertzen du euskal izenak bereak direla, inolako karga politikorik gabe».

Izendegia eta erlijioa aldenduz

Beste bi kontu ere aipatu ditu: izendegia eta erlijioa banatu izana, erro erlijiosoa duten izenen erabilera gutxitzen dela; eta izen bikoitzen kontua, hots, jada ez direla erabiltzen.

«Erlijioaren kontua aztertzea oso zaila da, zeren guk erabiltzen ditugun izen askok bazuten erlijioarekin lotura bat. Irati, adibidez, Andre Maria bat izan zen, eta jarri ahal izateko arrazoia edo aitzakia izan zen Andre Maria horren (Nuestra Señora de las Nieves de Irati) existentzia, eta aitzakia horrekin sartu zuen Euskaltzaindiak izendegian. Egun jendeak ez ditu erabiltzen kristau kutsua duten izenak. Baina, adibidez, Maddi izena ipintzen duenak ez daki hori Mariaren diminutiboa dela; uste du berezko izen bat dela, ez duela berezko kiderik. Uxuerekin, gauza bera. Emakumeen izenak ikusiz, erabiliena Ane da eta gero agertzen dira toponimoak, agertzen da Nahia, erabat harremanik ez duena erlijioarekin eta agertzen da Haizea. Edo izen zahar-zaharrak, hala nola June, berez kristautasunaren kidetzarik ez daukana».

Beraz, izenen hautaketan gailentzen den irizpidea goxotasuna da, laburra izatea, bestelako konnotaziorik gabe: «Jendeak gaur egun bilatzen ditu izen goxoak, ahoskatzeko eta entzuteko goxoak, eta ez dute inolako lotura erlijiosorik. Izenen zerrenda begiratzen bada, batetik ez dago izen bikoitzik. Hemengo izenak bakunak izaten dira, eta gehienetan bi silabakoak».

Iker eta Leire, zabalduenak

Euskal izenek Estatu espainolean izan duten eragina aztertzean, gogora etortzen zaigu Iker Casillas futbolaria edo “Operacion Triunfo”-ko Ainhoa. Baina asko erabiltzen dira Iker, Asier, Unai eta abar.

«Nik espero nuen, eta hala izan da, Iker izatea izen erabiliena. Harrigarriena izan da Aitor, Asier eta Unai hainbeste azaltzea, ez direlako pertsonaia hain famatuen izenak. Are deigarriagoa izan da Leire-rena, Euskal Herrian oso erabilia den izena eta Espainian (Leire, Leyre) gehien erabiltzen den euskal izena dela. Zuk aztertzen baduzu Espainian zeintzuk diren gehien ipintzen diren nesken izenak, ba ateratzen dira Leire, Ainhoa, Nerea, Ainara, Nora, Aroa, Naiara eta Nahia, baina kentzen badituzu euskal herritarrak zerrenda horretatik deskubritzen duzu ba Maddi izena desagertzen dela. Zergatik? Ba Maddi izena oso erabilia delako Euskal Herrian, 977 pertsona erroldatu ziren izen horrekin 2016an, eta bakarrik 12 Euskal Herritik kanpo. Gauza bera Junerekin».

Eta hausnartzen segitzen du: «Ane izena da horretan bitxiena. Begiratzen duzu eta Ane asko daude Espainian, 2.700, baina horietatik 2.400 bizi dira Euskal Herrian. Horrek esan nahi du, nahiz eta Anne Igartiburu hor egon, ez duela eraginik izan. Uxuerekin gauza bera (1.600 eta horietatik 1.400 Hego Euskal Herrian). Ikusten da izen batzuetan bai, baina beste batzuetan oso bide ezberdina daramagula Euskal Herrian eta Espainia mailan.

«Oso kuriosoa da –dio– Espainian zeintzuk diren gehien erabiltzen diren euskal izenak probintziaz probintziaz aztertzea. Oso deigarria da Galiziakoa. Galiziako lau probintzietan gehien erabiltzen diren mutil izenen artean agertzen da Xabier eta nesken artean, Aroa. Eta pentsatzen duzu galegoaren ezaugarrietako bat dela ‘x’ ahoskatzea eta ‘x’-z hasten diren izen asko edukitzea (Xuso, Xose, Xulian…), eta haientzat oso goxoa da Xabier. Beren egin dute, eta esan daiteke gaur egun Xabier izen galego bat dela, nahiz eta berez gure toponimo bat izan».

«Euskal izena zer den definitzea zaila da; Martin, adibidez, bada»

Ikusten denez, horrelako lan bat egitean ez da kontu erraza zer den euskal izen bat definitzea, ezta? «Hala da, zaila da hori. Esan nahi dut, Martin euskal izena dela, eta aipatzen denean %60 euskal izenak erabiltzen direla, kontuan hartu behar dugu euskal izen ‘peto-petoaz’ ari garela, ez ditugula Martin bezalakoak kontuan hartzen, beraz, eta berez, euskal izenen portzentajea askoz altuagoa da. Ez da %60 euskal izenak dira eta %40 gaztelaniazkoak, ez. Benetan gaztelaniazkoak direnak, hala nola, Daniel, Dolores edo Lucia, ba gure kasuan izango dira %25en bat. Ze hor sartzen dira nazioarteko izenak gurean, euskaraz, gaztelaniaz edo beste hizkuntzetan berdinak direnak».

Beraz, Euskal Herritik kanpo euskal izenak modan daudela esaterik ba al dago? «Ez nuke esango modan, baina oso interesgarria da nola ari diren zabaltzen. Bitxikeriak badaude, bai. Adibidez, Andaluzian euskal izenek ez dute inolako arrakastarik izan. Agian, fonetikagatik izan daiteke, bertako gaztelaniaren fonetika eta euskararena urrutiegi daudelako. Baina Euskal Herritik gertu, eta batez ere mendebaldean dauden Espainiako probintzietan, oso ugariak dira euskal izenak. Burgos, Palentzia, Leonen… Jende asko etorri zen handik Euskal Herrira lanera, gero udan edo jubilatuta bueltatu direnak, eta, askotan, horrela joaten dira zabaltzen izenak. Udan joaten dira handik etorritako gurasoen euskal izenak dituzten seme-alabak udatiar bezala eta izenok arrunt eta goxo bilakatzen dira».

«Bestalde, argi dago ‘tz’ duten izenak askoz ere erabilera gaitzagoa dutela. Baina, hala ere, gehien erabiltzen diren izenen artean agertzen da Itziar (Iciar, Icyar…), eta deigarria da garai batean oso ezagunak ziren Begoña moduko izenak bai hemen eta bai han desagertu egin direla».M. Z.