Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Bodyboard

Euskal bodyboard itzulia aurrera doan bitarteanAPB zirkuitua amaitu da

Alex Odriozola eta Maddi Fernandezek irabazi zuten euskal bodyboard zirkuituko bigarren proba Zumaian. Bestalde, munduko APB itzulia Portugalen amaitu zen. Jared Huston eta Ayaka Suzuki, munduko txapeldun.

Baldintza ezin hobeak izan ziren bai pasa den astean Zumaian egindako euskal zirkuituko txapelketan bai Portugalen egindako munduko APB bodyboard txapelketan: itsaski trinkoak, olatu garbiak eta erreka haize leuna. Batean zein bestean, maila altua eta ikuskizun oparoa eskaini zuten bodyboard zaleek.

Odriozola eta Fernandez

Pasa den larunbatean jende asko hurbildu zen Zumaiako Itzurun hondartzara eguraldiaz eta bodyboarderrek eskainitako ikuskizunaz gozatzera. Zumaiarrek kirol honi indarra ematen jarraitzen dutela frogatu zuten, eta, urtetik urtera, Euskal Herriko bodyboard zaleen maila hobetuz doala agerian geratu zen.

Mutilen kategoriako finalean, bi zumaiar izan ziren, bi lagun urautsian buruz buru: Alex Odriozola eta Xabier Urrestilla. Lehenak olatu handienak pazientziaz itxaron zituen eta olatu aukeraketa onari esker garaitu zuen bere herri kidea. Ordea, proba amaitu ostean Odriozolak azaldu zuen moduan, ezingo du abenduan Mundakan egingo den txapelketan parte hartu. Izan ere, nahiz eta itzuliko bigarren lehiaketa irabazi, irailean Sopelan egin zen zirkuituko lehen lehiaketan eskuratutako puntuekin ez du aski. Hau da, bi lehiaketetan eskuratutako puntuen baturak ez dio ahalbidetzen Mundakako proban parte hartzeko sailkatzea, eta, ondorioz, azken probatik kanpo geratuko da zumaiarra.

Nesken kategorian, ostera, Maddi Fernandez Lezoko bodyboarderra eta Rebeca Antia itsasoratu ziren finalean. Olatu onena nork hartuko lehian aritu ziren, baina olatu onena hartzea bakarrik ez, olatu gainean egindakoa ere kontuan hartzen da, eta, horrela, Maddi Fernandez gailendu zen.

Guztira sei lehiakidek hartu zuten parte nesken kategorian. Fernandez irabazleak positiboki baloratu zuen izandako parte hartzea, askotan lehiakide falta izaten baita nesken kategoriako txapelketak ez egitearen arrazoietako bat.

Houston eta Suzuki

Nazareko Prai do Norte hondartzan egin zuten munduko bodyboardeko APB zirkuituko azken proba pasa den astean. Mutilen kategorian Jared Houston hegoafrikarra gailendu zen, eta, neskenean, berriz, Ayaka Suzuki, munduko titulua irabazi duen lehen japoniarra.

Jared Houston hegoafrikarra eta Tanner McDaniel hawaiiarra izan ziren finalean. Hegoafrikarra bikain aritu zen eta Nazaren eskuratutako garaipenari esker bigarren aldiz APB munduko titulua irabazi zuen (2015ean irabazi zuen bere lehendabiziko aldiz).

Houstonekin batera munduko titulua eskuratzeko aukera gehien zuen beste lehiakidea iazko irabazlea zen, alegia, Ian Campbell, honakoa ere hegoafrikarra. Houstonek puntuetan irabazi behar zuen Nazaren bere aberkidea garaitu ahal izateko, eta horrela gertatu zen. «Berari esan nion: munduko titulua irabazi nahi dut, baina, lortzen ez badut, zuretzat izango da, eta, gutxienez, titulua Hegoafrikan geratuko da», jakinarazi zuen Houstonek.

Nesken kategoriako finala ere oso esanguratsua izan zen. Itzelezko lehia izan zen azken unera arte, itzuliko azken txapelketako azken txandan erabaki baitzen 2018ko irabazlea. Munduko titulua eskura zezaketen bi lehiakideak buruz buru izan ziren finalean, gainera, irabazleak, Nazareko txapela bakarrik ez, munduko APB txapela ere irabaziko zuela jakitun.

Alexandra Rinder, bi bider munduko txapeldun izandako kanariar gaztea eta Ayaka Suzuki japoniarra izan ziren finalean. Suzuki gailendu zen, eta, ondorioz, lehen aldiz, japoniar batek irabazi zuen APB munduko titulua. Negarrari eutsi ezinik hunkituta mintzatu zen Suzuki: «Ezin dut sinetsi hau gertatzen ari denik. 15 urtez amestu dut honekin. Ez nahiz gai hitzez adierazteko sentitzen dudana, ez nuen inoiz halako presiorik izan, baina titulua lortu dut».