Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Legearen esparruan «kentzea»

Atzo, Donostiara bidean, otsailean bi euskal preso Mont de Marsango kartzelara eraman zituztenean Lakuako Gobernuak esandakoa gogoratu zitzaidan: «Albiste ona da», «lekualdaketak legearen esparruan egin daitezkeela erakusten du». Ez zegoen erakutsi beharrik, ordea. Aspaldi luzetik preso bat urrundu, ehunka preso urrundu eta barreiatu izan dituztenean, ez zaie bururatu ere egin lekualdaketa horiek legearen esparruan egin ote diren.

Lege arraioa kaskotik uxatu ezinik, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak datozen egunotan jakinaraziko duen ebazpenaz ere pentsatu nuen. Akordatu nintzen egunkari batek nola eman zuen horren berri: «Epaileak une honetan kondenatuei Frantzian betetako zigorrak kentzearen aldekoak dira». Zigorrak kendu? Gaztelaniaz jarriko dut, badaezpada ere: «Los jueces se inclinan en estos momentos por restar a los condenados las penas cumplidas en Francia». Eta, badaezpada ere, hiztegira jo dut, badaezpada ere. Restar: «kendu», «murriztu», «gutxi(ago)tu». Beraz, betetako zigorra kendu, murriztu, gutxi(ago)tu… edo hari beste zigor bat batzeari utzi?

Ministro bat, jeneral bat, torturatzaile bat indultatu edo haren zigorra kendu, murriztu, gutxi(ago)tu eta kondekoratzeak ministro bat, jeneral bat, torturatzaile bat indultatu edo haren zigorra kendu, murriztu, gutxi(ago)tu eta kondekoratzea legearen esparruan egin daitekeela erakusten du. Atzo bertan jakin genuenez, Kepa del Hoyori hil baino bost egun lehenago bihotzekoak eman zion. Baina kartzelan zegoen, ezarri zioten zigorra betetzen eta, beraz, legearen esparruan hil zen, nonbait.

Esateko modua da, hitzak baino ez. Batzuek uste dute hitzak munduaren, errealitatearen berri emateko direla. Errealitateari, euskaraz behinik behin, egia esaten zaio. Beste batzuk tematuta daude hitzak tresna eraginkorra direla batez ere egia makurtu eta ezkutatzeko.