Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

«Street art»

Baionan atzo amaitu zen Spacejunk elkarteak antolatutako street art ekimena. Iaz egin zuten lehen aldiz eta arrakastatsua izan zen oso, horma handi batean egindako margoetako batek mundu mailako sari bat jaso baitzuen. Hala, animo biziz ekin diote aurtengo edizioari eta bederatzi bat herrialdetatik jindako artistei esker, 15 bat artelan itsatsita geratu dira Lapurdiko hiriburuko hainbat auzotan.

Udaletik bertatik hasita, apaingarritzat hartzen dituzte eta normala da. Jakina, ez dira denen gogoko izango, baina hori ere normala da. Alta, gustu edo estetika kontuetatik harago, margo horiek zerbait ere adierazten dute, mezu bat transmititzen dute. Hain justu, topaketari eman dioten izenak, Points de vue-ikuspuntuak, hitz jokorako aukera ematen du, panorama bisuala ez ezik, ideia edo mezu aniztasunerako parada ere eskaintzen baitu.

Horren harira hausnartzen ari nintzela, bururatu zitzaidan zenbat mural, pankarta, grafiti edota pintada egin ote diren Euskal Herriko hormetan. Milioika, seguru asko. Horietako askok artetik gutxi zuten, egia da. Hormak zatarki zikindu izanaren kritika jaso izan dute, batez ere horien mezua gogoko ez zutenen aldetik.

Baina izan dira (eta dira) artea eta mezua edota garai zehatz bateko gertaeren testigantzak uztartu dituzten asko ere, koloreak, forma edo estiloa gorabehera, irudikatzen dutenak azal lodia duten batzuei azala harrotu dietenak. Nire herrian bertan (Usurbil) badugu adibide esanguratsu bat. 2009an, Jaurlaritzako buru zela, Patxi Lopezek 24 urte lehenago Alejandro Tapiak Herri Batasunaren «Euskal Herria alaitsu eta borrokan kementsu» kanpainan egindako mural bikainari eraso zion, ezker abertzalearen aurkako bere gurutzadan. Ertzainen indarra baliatuz, gure herriko historiaren zati bat ezabatzeko saioa izan zen hura.

Gaur egun oraindik, aski zaharkitua dagoen arren, jatorrizko mezuaren eta zentsuraren lekukotza ematen segitzen du margolari aginagarrak egindako artelanak. Baina horren guztiaren gainetik garrantzi handiko zerbait islatzen du: kalea ez zela berea (Fragak zioen moduan), denona baizik.