Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Altonaga: «Bonapartek ez zuen nahi proiekzio kulturalik euskararentzat»

Euskarazko saiakerako Euskadi Literatur saria jasoko duela jakin berritan argitaratu du Kepa Altonagak «Duvoisin kapitainaren malura» (Pamiela), saria eman dionaren «jite bereko» saiakera, Joxe Anjel Irigaray editorearen hitzetan. Uste denaz kontrara, Bonaparte printzearen eta Jean Duvoisin-en (Ainhoa, 1810) artean izan ziren tirabirak bildu ditu: lehenak euskararen aniztasun dialektalean jarria zuen begia eta bigarrenak, aldiz, literatura egin nahi zuen.

«Meandroka» baina era egituratu eta ulergarrian eraikitako saiakera da “Duvoisin kapitainaren malura. Bonaparte printzearen itzalean” (Pamiela), Kepa Altonagak euskarazko saiakerako Euskadi Literatur saria jasoko duela (“Patagoniara Hazparnen barrena” obragatik) jakin eta egun gutxira aurkeztu duen saiakera berria. «Kontakizuna meandroka doa, hara eta hona ibiliko da itsasora hurbilduko bada, eta ez da erraza hori azaltzea», aitortu zuen Altonagak berak. Izan ere, saiakerak euskararen alorrean Jean Duvoisin kapitainak eta Bonaparte printzeak izan zituzten tirabirak islatzea du xede, eta horretarako garaiko hainbat protagonistak elkarri bidali zizkioten gutunak eta bestelako dokumentazioa erabili ditu.

«Duvoisini buruz idazteko gogoz nintzen –onartu zuen Altonagak–. Bere izena beti ageri da kateaturik Luis Luziano printzearen izenaren parean. Bonaparte ematen du gizon eskuzabal eta onbera zela eta euskararentzat gizon prominentziala izan zela, baina hor badaude argi-itzalak, gure inteligentziak ikusi ez dituenak, ez oraingoak eta ez ordukoak». Altonagaren iritzian, Duvoisinen eta Bonaparteren artean izandako «tentsioak» elkarri bidali zizkioten gutunen azterketak uzten ditu agerian, baita garaikide izan zituzten beste hainbaten eskutitzenak ere. Hala, Altonagak nahi izan du gutun horietan esandakoak xehatu eta saiakera honetan bildu, protagonista bakoitzari atal bat esleituz eta euskararen inguruan izan zituzten iritzi trukeak nabarmenduz. Hala, idazle loiutarrak saiakera honetara ekarri ditu, besteren artean, Klaudio Otaegi, Johane Arxu, Emanuel Intxauspe eta Uriarte frantziskotarrarekin trukatutako gutunetan bildutakoak.

Dokumentazio lan horretatik atera du ondoriorik Altonagak. Lehenik, Duvoisin eta Bonaparteren arteko harremanak uste izan den baino gatazkatsuagoak zirela, euskarari dagokionez bederen: «Bonaparte hurbildu egin zen gugana, baina uste denaz kontrara sokatira gogorra gertatu zen bien artean. Duvoisinek argi ikusten zuen ezinbestekoa zela prosa supradialektala, euskarari proiekzio kulturalik txertatzekotan. Printzeak orratzez entomologikoki finkatu nahi du aniztasun dialektala eta Duvoisinek, ostera, literatura egin nahi du euskaraz». Bonapartek, idazle loiutarraren hitzetan, aniztasun dialektala «bilduma hil batean» bildu nahi zuen, eta Duvoisinek, aldiz, bizia eman nahi zion, literaturaren bidez. Eta ez zen bakarra: Altonagak saiakera honetan bildu duenez, Klaudio Otaegik ere beste eredu batera jo zuen, «orduko maila goreneko euskarara, eta ez dialektoetara».

Merezimendurik ez

Bonapartek «esplizituki diosku euskara ez litzatekeela atera behar filologo eta hizkuntzalarien alorretik, linguistikoa baita haren merezimendu nagusia, beste ezeren gainetik. Areago dena, ez du behar bestelako merezimendurik», xehatu zuen Altonagak bere liburuko pasarte bat irakurriz, eta hori esanda inplizituki agerian uzten duena ere nabarmendu nahi izan zuen: «Printzeak euskararentzat ez du inolako proiekzio kulturalik nahi eta ikusten da argi eta garbi subordinazio kultural, sozial, ekonomiko eta politikoa aipatzen ari dela inplizituki euskararentzat». Altonagaren iritzian, Bonaparteren «distirak itsututa gauzka oraindik ere», eta berak erakutsi nahi izan du Duvoisin bederen «literato frustratu bat» izan zela, «printzearen kaiolan egon zelako preso».>