Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Nafarroa konkistatu nahian dabiltza, berriro ere Altsasutik

Bitxia da historia. Badirudi itzulika dabilela, leku batzuetatik behin eta berriro pasatuz, inoiz errepikatzen ez bada ere. Elezaharren arabera, non eta Altsasun izendatu zuten Iruñeko errege Eneko Aritza. Nondik eta Sakanatik sartu zen 1512an espainiar armada, Nafarroa armen bidez konkistatu nahian. Hainbat mende iraganik, zein herri eta Altsasu aukeratu dute espainiarren olinpiada fatxen saio garrantzitsu bat ospatzeko. Norgehiagoka ibiliko dira XXI. mendeko espainiar faxistak, gure kontura, dagoeneko sobera jasan duen herri bat instrumentalizatu nahian. Probokazio erraldoia baino askoz ere gehiago da prestatu dutena, dena den, konkista berriaren antza hartzen ari delarik, egia esan.

Konkistatutakoa berriro konkistatzeko beharra sentitzea arazo larri baten adierazpena da. Espainiako Erresumak arazo handia dauka Nafarroan gaur egun. Afera ez da Guardia Zibilen apologia/errefusa, auzia sakonagoa da: Espainia Nafarroa galtzen ari da. Guardia Zibila Espainiaren gorpuzte sinbolikoa ez ezik, oso materiala ere bada: Espainiak Nafarroa ez galtzeko harresia indar armatua da. Horrelaxe hartu dute indar politiko batzuek trafikoaren eskuduntza Nafarroara itzultzeko aukera, esanguratsuki. Nafarroa, berriro ere, estatu auzia!

Altsasuko gazteen kontrako errepresioa errentagarria izanen da Espainian, beharbada. Nafarroan, alta, Espainiarekiko deskonexioa bultzatzen ari da. Norbaitek pentsatzen badu Altsasu hartzeko gurutzada neokon-fatxorra hori antolatzea Nafarroa Espainian gelditzeko ekimen onuragarria dela oso oker dabil. Ez du Nafarroa ezagutzen.

Nafarroa ez da 1512koa, jakina. Ezta 1936koa ere. Garai batean moja eta apaizen potentzia esportatzailea baginen ere, oso bestelakoa da gure gaurko jendartea.

Azkenean, Altsasuko fatxolinpiaden antolatzaileen itxaropen nagusia norbait beren probokazioetan erortzea da, erasotzailea biktima gisa agertu ahal izateko argazkiaren bila baitatoz.