Arkaitz Zarraga Azurmendi
Euskara irakaslea, UEUko Glotodidaktika sailburua eta topaketaren koordinatzailea
KOLABORAZIOA

Euskaltegien erotismoaren bila

Erotismoaren garrantzia azpimarratu zuen Mari Luz Estebanek UEUren ikasturte hasierako ekitaldian. Edozein mugimenduk, arrakasta izango badu, erotismo karga bat izan behar du. Erakargarria izango da ala ez da izango.

60ko hamarkadaren amaieran, ikastolen eta gau eskolen sorreren garaian, xarma handia zuen tsunami bat piztu zen. Mugimendu hasi berri hartako partaide izateak bazuen erakargarritasun berezi bat, ilusioa pizten zuen egitasmo batean eragileak izateak sortzen zuena. Baina, zer dela eta galdu dugu garai batean genuen puntxa? Bai, adinak badu zerikusirik, jakina. Euskaltegietako irakasleen batez besteko adina 53 urtetik gorakoa da, eta gazteei ez zaie erakargarria egiten gurean lan egitea, edo ez dute bide argirik ikusten. Gainera, oso zabalduta dago euskaltegiak azterketekin eta tituluekin lotzen dituen iruditeria. Esango nuke euskalgintzak oro har, baina euskaltegiek bereziki, erotismoa galdu dutela.

Bada, une honetan euskaltegiek «tiradizoa» berreskuratu behar dute. Gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan mugarri batean gaude, handik eta hemendik entzuten da hori azkenaldian. Erronka gogorrak ditugu aurrean eta euskaltegiak lehen mailako eragileak izan behar dira. Erakargarritasuna eta eraginkortasuna ezinbestean berreskuratu beharreko ezaugarriak izango dira, beraz.

UEUren Glotodidaktika sailean ere konturatu gara horretaz, eta mahai gainera ekarri nahi izan ditugu zenbait gai. Jada seigarrena izango den Glotodidaktika Topaketarako Euskaltzaindiaren egoitzan bilduko gara, hasierako euskaltegiei babesa eman zien erakundearen babesean. Askotan talde txikietan egiten ditugu hausnarketak, irakasle gelan nahiz kafe makinaren ondoan. Nahiko genuke gure VI. topaketa horiek guztiak partekatu eta elkarrekin bidea irudikatzeko ariketa izatea. Horretarako, euskararen biziberritze prozesuaren argazkia eta euskaltegien selfie bat ateratzen hasiko gara.

Begiratu bat emango diegu euskarara etorri diren hiztun berriei ere. Asko gurean euskaldundu dira. Jakin nahi dugu nola sentitzen diren, zer falta zaien… Nola lagundu behar diegun jakiteko, ezinbestekoa da eurei begiratzea. Enpatia horrek ere erakargarriago egingo gaitu.

Plaza berriei ere begiratuko diegu. Euskaltegietan lau hormen artean ikasleen zain egonda, ez dugu arrakasta handirik izango. Lan mundua da (bere zabaltasunean) plaza nagusietako bat, egun dugun erronka nagusietakoa. Bertan daude helduak, euskaldunak eta euskaldundu gabeak, benetako jardunean, benetako beharrizanekin. Beharbada, haien ondoan egongo bagina, zailtasun eta inertzia jakinak gainditzen lagunduko genuke, eta, seguruenik, erakargarriagoak izateko askoz aukera gehiago izango genituzke. Agian, azterketen eta tituluen lokarri estuaren itolarria arinduko genuke.

Gainera, horretarako tresnak ere baditugu. Europako Erreferentzia Markoak eta HABEren Curriculumak aukera paregabea eskaintzen digute hainbat arlotan gaitasuna, jarrera eta ohiturak sustatu ahal izateko. «Ezagutzatik erabilerarako urratsak» emateaz hitz egiten dugunean, beharbada, horrelako zerbaitez ari gara. Beraz, bide orri egokiak ditugu programatzeko, klasean aritzeko eta materialak sortzeko, baina asmatu behar dugu horiek ondo erabiltzen. Gure eskarmentuak, gainera, gure lana doitzen lagunduko digu, ez baitira alferrik joan gau-eskoletatik hona eman ditugun urteak eta metatutako esperientzia. Urte hauetan guztietan eguneratzen ere badakigula erakutsi dugu. Fotokopiagailurik ere ez zegoenean hasi ginen, baina ederto egokitu izan gara tresna berrietara.

Dena dela, tresnak eta aukerak egunean-egunean berritzen dira eta horiei adi egon nahi dugu. Horietaz ere arituko gara topaketan.

Bukatzeko, esperientzia eredugarri batzuk aztertu nahi ditugu. Batez ere, bertan biltzen garenon intuizioa piztu eta egitasmo berriak sortzea eragin nahi genuke horrela. Ondotxo dakigu ideia arrakastatsu batek beste batzuk dakartzala.

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan bilduko gara. Egitarau oparoa antolatu dugu. Aditu eta eragile garrantzitsuak egongo dira gurekin, baina denon ekarpenak behar ditugu. Benetako motor izan behar gara berriro. Horretarako, berriro ere erotismo puntua lortu beharko dugu, eraldaketa handi baten parte izateak ematen duen xarma, eraginkorrak izateak dakarren lilura.