Maite UBIRIA BEAUMONT
baiona
Entrevista
AMAIA FONTANG
ETORKINEKIN KOLEKTIBOKO BOZERAMAILEA

«Elkartasunari eraso egiten badiote, erantzunen diegu»

Amaia Fontangen hitzetan «bereziki zaila izan den astea» Hazparnen gertaturiko bi etorkinen atxiloketekin abiatu zen. Zalantzarik ez du estatuek abiada azkartu dutela etorkinen aurkako jazarpena areagotzeko. Horren aurrean, orotara 100 bat etorkini beren etxean aterpea eman dieten Iparraldeko herritarrak «prest daude engaiamendua bururaino eramateko».

Harro dago Mamadou eta Alassaneren atxiloketak salatzeko Hazparneko jendeak «iragan igandean egin zuen elkartasun keinu azkarraz». Biharamunean, ordea, 19 migratzaile, horietako batzuk Baionako harrera zentrotik abiatuta, Poliziak atzeman zituen, garraiatzen zituen autobusa Landetan gelditu ostean. Gertakari horiengatik «geroa kezkaz baina, era berean, ardura handiz» begiratzen du Fontangek.

Nola ulertu behar ditugu Hazparneko atxiloketak?

Errepresioaren azkartze baten beste adibide bat da. Frantziar Estatuak bide horretan intentsifikazio fase batera pasatu nahi du. Kontrolak are gehiago zorroztu dituzte Hendaian. Orain arte han ziren atxiloketa gehienak, baina, ikusi dugunez, Hazparnen beste pauso bat eman dute, herrian, lasai, gizartean txertatuta, bizi ziren bi gazteri kanporatzeko agindua emanez; eta Landetan autobusak gelditu eta sarekadak burutuz urrunago joan dira. Presta gaitezen: kanporaketen politikaren indartzea martxan dago gure lurraldean.

Alta, Macronek dioenez, bere gobernuak hainbat migratzaile nahi ditu erakarri.

Macronen arabera, badira migratzaile onak, dirua edo talentu bereziak dituztenak, eta horregatik Frantziarentzat interesgarriak direnak, eta badira migratzaile txarrak, gehienbat behar ekonomikoagatik heltzen diren jendeak. Bigarren horiek nahi ditu baztertu. Zinez larria da herritarren sailkapen hori. Iraganeko mamu ilunenak dakartza gogora.

Grande-Marlaska eta Castaner, bi estatuetako Barne ministroak, Pirinioetara begira jarri dira aste honetan.

Ez dakigu zehazki zer adostu duten, baina agerikoa da bi estatuek helburu berak dituztela. Bestalde, Marokon errepresio azkarra bada, baina, hala eta guztiz ere, europarrek hitzarmenak sinatzen dituzte etengabe hango agintariekin.

Mugaren itxierak ez aurrera ez atzera utzi ditu etorkinak Irunen. Landetako operazioaren ostean, beste hainbeste gerta daiteke Baionan ?

Dudarik gabe. Trabak jartzen dituzte mugetan baina, nahi ala ez, migrante horiek milaka eta milaka kilometro egin ondoren ez dute amore emango, eta pasatzen segituko dute. Anartean, blokeoak sortuko dira, toki batean edo bestean, Irunen zein Baionan, eta egoera aldakor horretan nahi dugu interperlazio berriak egin.

Nori zuzenduko zatzaizkiote?

Erakundeei eta jendeari begira nahi ditugu urratsak egin, mugimendu azkarrago bat antolatuz. Horren gaineko berriak izanen dituzue hemendik hamar bat egunera.

Egoerara moldatzeko aldaketak aurreikusten dituzue harrera antolatzeko orduan?

Migratzaile batzuk gure artean gelditzen dira eta gure sareak aterpeak bilatzen ditu jendearen egoera eta beharren arabera. 100 bat etorkin, horietarik 20 adingabe, herritarren babespean bizi dira. Ez dira klandestinoak, ez dira ezkutatzen, gure herrietan bizi dira.

Hainbat eskualdetan aterpe emaileak auzipetu dituzte.

Agian, goizegi da hori errateko, baina iraganean, injustiziaren aurka gure herriak afera anitzetan elkartasunez erantzun duen bezala, honetan ere hala eginen duela ziur gara.