Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Ongi etorri edo ongi joan?

Azken urteetan Europara iristeko ikusten ari garen etorkinen ahaleginak gero eta presenteago egin dira gurean ere. Erabili izan dituzten beste pasabideetan (Lesbos…) beren helmugara iristeko oztopoak areagotzen joan diren heinean, berriak urratzera behartuak dira. Hala, batez ere joan den udatik, Estatu frantsesera, Britainia Handira edota Alemaniaranzko bidean, Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik jindako gizon, emakume, haur eta gaztetxo asko ikusten ari gara Bilbon, Irunen, Baionan... Dela arrazoi politiko nahiz ekonomikoek, dela gerrek edo goseak bultzatuta, gehienak halabeharrez uzten ari dira beren herrialdea etorkizun hobe baten bila Europan nahiz Ipar Amerikan. Zure lurra eta familia atzean uztera derrigortuta izatea gogorra da, zinez. Euskaldunok zerbait badakigu horretaz, oraindik ere beren etxeetatik urrun dauden herrikide asko baititugu munduan zehar. Pertsona orok planetako edozein lekutan libreki ibiltzeko duen eskubidea gorabehera, migrazio behartu hauek gelditzea izango litzateke egokiena. Erraz esaten dut, ezta? Ez, neuk ere ez daukat megaarazo politiko-estrategiko-gizatiar honentzat erremedio magikorik. Bitartean, hala nola ari gatzaio aurre egiten problematika itzel honi, gure muturreraino etorri eta ez ikusiarena edo iskin ez badiogu egiten bederen.

Zeren batzuetan, ezkerretik bertatik ere, mezu ez oso zintzoak botatzen direlakoan nago. Esaterako, azkenaldian asko entzun izan dut, pertsona hauei zuzenean laguntza ematen dietenei ere, Euskal Herritik igaro besterik ez dutela egiten, pasabidea dela, beren helburua Parisera edo Londresera iristea dela. Ez dakit gure barruan daukagun ar arrazista hori ez pizteko egiten den, hemen trumilka etorri eta geratuko balira izango ziren ondorioei aurre egiteko ezintasunarengatik edo beste hamaika arrazoirengatik izango den. Kontua da, harro eta arinkeria punttu batekin esaten dugula ongi etorri errefuxiatuak eta antzekoak baina, borondate ona izanik ere, egiaz prest al gaude gurean hartzeko edo nahiago dugu alfonbra ahalik eta goxoena jarri hemendik igaro daitezen?