Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Zorraren tranpa eta elefante zuriak

Hizpidera itzuli da esapidea, gure artean Sri Lankako krisi politiko kaotikoari jaramon apur bat egin dioten hedabideetan: «Zorraren tranpa». Egia esan, inork ez du haren juzgu zehatza egin, Sirisena presidenteak, Wickemesinghe lehen ministroak eta Rajapaksa presidente ohiak elkarren artean darabilten anabasa juridiko-politikoa azaltzerakoan. Baina gaiari zabaltasun apur batez heldu dioten guztiek aipatu dute Hambantotako portuaren gorabehera; besterik ezean, Rajapaksaren izena daramalako. Eta haren harira, «zorraren tranpa» haizatzen da.

Ez da baztergarria lotura. Rajapaksa presidente zenean, 2005-2015 bitartean, eraiki zuten txinatarrek, hiru urte eskasean, Sri Lankako hego-ekialdean, Hambantotako portu berri erraldoia. 2017an, Txinak eginak zizkion maileguak itzuli ezin zituenez, Sri Lankak 99 urterako alokatu zion portua Txinako Portuen Holdingari. Wickemesinghek, Rajapaksaren arerioak, sinatuta.

Zorraren tranparen adibide argia litzateke, batzuen ustez. Esapidearen sorburua ere badela esan liteke: Brahma Chellaney aditu indiarraren asmakizuna da «debt-trap diplomacy» kontzeptua, eta hark erabilitako lehen adibidea da Hambantotakoa. Txinatarrek, noski, ukatu egiten dute halako ezertan ari direnik.

Eztabaida, agian, hasi besterik ez da egin. Aspaldi-aspalditik eta mundu guztian egin den zerbaiten errepikapen gaurkotua dirudielako, lehenik... Eta, askoz hurbilago, Greziako Pireoko portuaz ere hitz egin dezakegulako jarraian.

Baina, behin jarrita, Asiako parte hartan askoz klasikoagoa (eta, agian, egokiagoa) litzatekeen esamoldea gogorarazten dit niri Sri Lankako Hambantotako portuak: elefante zuria. Jabeari ospea eman, bai, baina haren ahalak xahutzen dituen etekinik gabeko apaingarria. Mundu osoko egitatea, hori ere.

«Elefante zuria» kontzeptua bestelako pasadizo batekin lotuta dugunok ere, berehalaxe gogora genitzake Hambantotakoa bezalako «elefante zurien» adibide batzuk. Etxetik hurbil. Txinatarrak tarteko direla ere bai. Tranparik gabekoak ote dira gureak?