Asier Garitanoren prentsaurrekoa, soilik euskaraz, Euskaraldiarekin bat egiteko

Realak Euskaraldiarekin bat egin du. Horrekin bat, Asier Garitano entrenatzaileak euskaraz soilik eskainiko du gaurko prentsaurrekoa Anoetan (10.00), astelehen gauean Celtaren aurka jokatu beharreko neurketaren nondik norakoak azaltzeko.
Bi aste daramatza Realak Ligako partidarik jokatu gabe, nazioarteko neurketak direla-eta, baina Garitanok ez du lasai lan egin, lesionatuta jarraitzen duten jokalariak baititu oraindik taldean. Atzo bertan, esaterako, ikuslerik gabe eginiko entrenamenduan Mikel Oyarzabalek eta Aritz Elustondok euren taldekideek baino lehenago amaitu behar izan zuten saioa. Giharretako arazoengatik abiatu ziren aldageletara eta dudazkoak dira.
Rulli eta Kevin Rodriguesen itzulerez gain, Igor Zubeldiaren hobekuntza aipatu behar da albiste onen artean. Azken bi asteetan azkoitiarrak taldetik kanpo lan egin du, Levanteren aurka «ezker aldakako aduktorean tendinopatia» atzeman ondoren, baina atzo taldekideekin aritu zen eta astelehenean jokatzeko prest egon liteke. Gainera, Ander Barrenetxea jubenila eta Robin Le Normand lehen taldearekin entrenatu ziren. Aritz Elustondo sendatuko ez balitz, frantziarrak jokatzeko aukera izango luke. Gaur, 10.30ean entrenatuko da taldea Anoetan.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
