Maider IANTZI
IRUN

BDS Koop, pertsona erdian jarriko duen Bidasoako fabrika

Bidasoaldeko ekonomia sozial eraldatzailea saretzeko bidean, bertze pauso bat eman dute Irunen, pertsona erdigunean jarriko duen ekonomia egitea posible dela frogatuz: BDS Koop Eraldaketa Fabrika inauguratu dute, sare oso baten elkarlanerako tokia.

Irungo Erromes plazan, Junkal elizaren ondoan dago BDS Koop Eraldaketa Fabrika. Inaugurazioan, ostegun iluntzean, jende ugari topatu genuen atarian, pintxo eta ardo batzuen inguruan gustura solasean. Egoitza berria eta irekia da; kristalaren bestaldetik ikus daiteke eta egurrezko altzari goxoak ditu. Mahai-irlaz osatua dago eta lau enpresaren lantoki iraunkorra izanen da: tokiko garapenerako estrategiak jorratzen dituen Hiritik At kooperatiba; arkitektura zerbitzuak ematen dituen LZB kooperatiba; Izarkom, Euskal Herriko telekomunikazio zerbitzuen kooperatiba; eta Antxeta Irratia eta Pausumedia tokiko komunikabideen elkarteak.

Hiritik At-eko Miren Lantzek agertu zuenez, pertsona erdigunean jartzen duen ekonomia eraldatzailea saretzen eta zabaltzen ari da eta horren erakusgarri da Euskal Herri mailan sortutako Olatukoop. Bidasoaldean ere badu bere nodoa proiektu horrek, Olatukoop BDS, eta berak kudeatuko du gunea. Guztira hamar kooperatiba edo elkarte biltzen ditu Irun, Hondarribia eta Hendaian.

Izarkomeko Gari Garaialdek azaldu zuenez, egoitza honetatik sare hori indartu eta zabaltzen saiatuko dira. Eta jende gehiagorentzat ere izanen da lekua. Erdian mahai bat utzi dute libre, inork proiekturen bat hasi nahi badu txoko bat izateko.

BDS Koop-en badituzte jada proiektu batzuk martxan, adibidez Koop Fabrika, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekintzailetza programa. 2017an 25 proiektu lagundu zituen eta 2018an 27. Orotara, 140 pertsonak parte hartu dute bi urte hauek eta programak izan dituen aurrekariak kontuan hartuta. Zinema, komunikazioa, elikadura... Hainbat arlotako egitasmoak babestu dituzte, denak jendartea eraldatzeko ekarpena egiten dutenak. Formazioa emateaz gain, jarraipena egiten dute eta, funtsezkoa dena, sostengua eta sarea ematen dute. Hala, sortzaileak ez dira bakarrik gelditzen.

Bertze proiektu bat ESE Saretzen da. Bertan, ekonomia sozial eraldatzailearen bueltan dabiltzan enpresen arteko elkarlanean sakontzen saiatzen dira. Eskualdez eskualde proiektuak identifikatu eta Euskal Herri mailako mapa bat osatzen ari dira horiekin. Lantzek adierazi duenez, hori interesgarria da bai kontsumitzaileentzat bai bertan daudenentzat, saretzeko tresna gisa.

Hirugarren egitasmoa, Kooperatibak Denontzat izenekoa, kooperatibismoa sektore prekarizatuentzat baliagarria izan daitekeela frogatzeko ikerketa eta proiektu pilotuek osatzen dute. «Koop Fabrikan ikusi genuen ez genuela lortzen zaintza lanetan ari diren emakume etorkinengana iristea eta espezifikoki eurei zuzenduta hamar saio egingo ditugu Errenterian eta Irunen, saretzeari begira». Urte berriaren hasieran abiatuko dira hitzaldi foro horiekin.

Izarkom, Internet guztien eskura jartzeko kooperatiba

350 telefono mugikor linea ditu jada poliki-poliki, ahoz aho zabaltzen ari den Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio zerbitzuen kooperatibak. Iazko abenduan jarri ziren martxan, bost lagun dira eta horietako batek, Gari Garaialdek, adierazi digunez, gero eta jende gehiagok du barneratua ekonomia eraldatzailearen kontzeptua, edo, bertzela, aspertua dago telekomunikazio enpresek euretaz abusatzen duten sentsazioa izateaz. Internet jende guztiaren eskura jartzeko helburuarekin jaio zen Izarkom. «Orain operadore bakoitzak bere azpiegitura du eta guk bultzatzen duguna da azpiegitura bat egitea, gero partekatzeko».

Eskoriatza aldean dagoeneko hasiak dira, proba gisa, eta lantaldeak sortzen ari dira sare horren eraketa bultzatzeko. «Ideia zabaltzen ari gara: zergatik sare librea? Zein onura ditu? Hitzaldiak ematen ditugu baina sarea ez dugu guk eraikiko. Puzzle gisa era daiteke proiektua; zure etxetik puska bat gehitu diezaiokezu». Kontatu duenez, Orendainen ez zegoen Internetik eta Udalak eraiki duen azpiegituraren bidez herri kasko guztira banatzen da orain. Hortik, antena bidez, kanpoko baserrietara zabaltzen da.

Garaialdek erran duenez, jendeak badu interesa eta astero ari dira hitzaldiak ematen. Nahi duenak harremanetan jartzea bertzerik ez du, Izarkom.eus-en.