Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Bide-zatitik helburu-zatira

Aste honetan bada indarberritu nauen albiste bat, hainbat hamarkadatarako indarra eman berri didana, edo. Politikaz nago, edo hori uste dut sikiera. Izan ere, 1979 hartatik ia berrogei urte pasatuta –kontuak atera zenbat urte bisustu–, azkenean hiru eskumen izan dira handik hona transferituak! Egia esan, ez dut inon ikusi zein bankuz egin duten, ez eta zer komisio ordaindu duten ere, baina tira, harira! 3 eskumen hemen! Eskerrak hori gertatua dela, bestela jelkideak kapaz dira, eskumenik ezean, eskuetara ailegatzeko behean dugun Estatuarekin! Mon Dieu!

Animoa eman dit horrek pentsatzeko itun hartatik falta diren beste hogeita hamar eta zenbait eskumenak eskuratzerik badela… nire hezur-hautsak harri bihurtu aurretik, behinik behin. Lurtarren eremua pozez uzteko motiboa! Amen. Kontuak ateratzen hasi naiz, laster bankutik ere aterako, kontuak; 39 urte hauetan, hamar bisustu, 19,5 kilometroko eskumena lortu da, horietatik 6 errepide zati batean, 7,8 trenbide zati batean eta 5,7 beste trenbide zati batean. Hogeira ere heldu ez. Eta gainera, denak bide-zati!

Bide onetik ei goaz, zatirik zati, noiz edo noiz osora ailegatzeko. Badaezpada, ez noa galdetzera, kapaz baitira Ajuria Enekoak erantzuteko zati guztiak oso direla! Hori dok/n eta! Politika esaten den zer horren hizkeran hemen belarriprest eta handik ahobizi! Hauxe txapa!

Bada bai, hangoen zain, etengabe, bitartekoa kudeatzen, bitartekari, zatiz zati, kontenplaziozko politikan, pulpitukoan, entzefalograma tristean. Hortaz, bestelako erradiografia eskaini berri dute mendeurreneko kongresuan Oñatin. Hori bai kongresua, ez beheko hura, demontre! Liburu Zurira bilduta momentuko materia gris asko, orainaldi geldigarria astindu eta geroaldi emankorrera begira jarrita. Gaixo egotea baino okerragoa baita mediku txarra izatea; poetak esana.