Adimen artifiziala darabilen gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa martxan da

Itzultzaile automatikoak oso baliagarriak dira eta, bikainak izan gabe, ezagutzen ez ditugun hizkuntzetan idatzita dagoena ulertu ahal izateko erabilgarriak dira. Euskararen kasuan itzulpen automatikoak nahiko traketsak izan dira orain arte, hizkuntzaren beraren egituragatik. Horregatik da hain garrantzitsua Modela itzultzailearen sorrera.
Gaztelania-euskara itzultzailea da honakoa eta adimen artifizialarekin garatu dute. Hau da, orain arte itzultzaile automatikoek hitz baten zentzua itzultzeko ondoan zituenak kontuan hartzen zituzten, baina tresna honek esaldi osoa aztertzen du, eta horregatik gai da zuzenago itzultzeko, behar denean esaldiari buelta emateko eta, finean, testu ulergarriagoa emateko. Itzulpena egokia izateko, noski, jatorrizko testuak ondo idatzita egon behar du.
Proiektua Vicontech-ek, Elhuyar Fundazioak, EHUko Ixa taldeak, Ametzagaiñak eta Isea-k bi urteko lankidetzan garatutako ikerketaren emaitza da. Guztira ia 800.000 euroko aurrekontua izan du, eta aurrerantzean zerbitzua hobetzen saiatuko dira.
Era berean, euskara iristen ez den alorretara eramateko xedea dauka. Izan ere, tresna honi esker enpresetan euskara ez dakitenek ere euskarazko testuak ulertu edota euskarara itzuli ahal izango dituzte.
Arduradunek azpimarratu zutenez, aurrerapenari trabarik jarri ezin zaionez, euskara gainerako hizkuntzen parean jarri nahi izan dute honekin, baina ez du itzultzaile profesionalen lana ordezkatuko. Kontrakoa, horien lana erraztu eta bizkortuko du.
Aukera desberdinak
Adituek programa trebatu egin dute eta jada martxan jarri dute. Programa hobetu ahal izateko, berriro trebatu beharko dute, hau da, gauza berriak irakatsi, oraindik ez delako existitzen bere kabuz ikasteko gai den itzultzaile automatikoetarako tresnarik.
Oraingoz Modela.eus webgunea dute martxan, non itzultzailea proba daitekeen. Hau erabiltzeko modu desberdinak daude. Doako modalitatea da erabiltzaile arruntari zuzendutakoa. Honekin hilabetean 2.000 hitz itzul ditzakegu, zuzenean itzultzailean testua itsatsiz. Ordainpeko aukerekin hitz kopuru gehiago itzul ditzakegu –prezioaren arabera–, itzulitako testuaren konfidentzialtasuna bermatzen da eta testu formatu desberdinetatik itzultzeko aukera ematen dute.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
