Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Inpunitatetik inpunitatera

Berrogei urte pasatu dira 1978ko Konstituzioa inposatu zigutenetik. Inposatu, bai, hura ez baitzen prozesu eratzaile demokratikoa izan, frankistek beraiek ustezko antifrankista batzuen konplizitatez goitik behera ezarri zuten trantsizio mugatua baizik. Legetik legera egin zuten, baita hala aldarrikatu ere. Ez dute aldarrikatzen, alta, indarkeriatik indarkeriara ere egin zutela, estatu aparatuak inoiz garbitu ez zirelarik. Bestela esanik, inpunitatetik inpunitatera pasatu zen, diktaduraren krimenen zigorgabetasunak krimen berriak egin eta debalde pasatzeko atea irekita utzi zutelako. Nahita, bistan denez!

Egiturazko indarkeriaz ari gara. Eta egiturazko inpunitateaz, jakina. Estatuaren menpeko edozein poliziak, epailek edo bestelako funtzionariok uste baldin badu edozer eginik ere Estatuaren beraren babesa izanen duela, inpunitatea errotzen da. Are gehiago, uste hori segurtasun osoa bilakatzen denean, hau da, estatua gehiegikeria eta krimenen babesle sutsu gisa dabilela antzematen denean. Orduan inpunitatea da zerumuga eta horren arabera neurtzen dira arriskuak. Eta horren arabera hartzen dira erabakiak. Errepresioak aurkitzen du egiturazko inpunitate honetan bere oinarri nagusietako bat, Estatuak ziurtatzen duelako beti izanen dituela eskuetara edozein gauza egiteko prest dauden zerbitzariak. Eta bere menpekoek ziurtatuta ikusten dute edozer eginik ere zigorgabe edo zigor sinboliko hutsaz geldituko direla. Inpunitatearen ituna da, edozein makineria errepresiboren gakoa. Izan ere, ez gara zenbait jarduera isolaturi buruz ari, etengabe errepikatzen den dinamikaz baizik. Azken muga estatuak berak erabakitako indultua (autoindultua) duen ituna, torturatzaile batzuekin gertatu den bezala.

Katea da, eta katea hausten ez den bitartean inpunitatetik inpunitatera doan katean segituko dugu loturik. Hausturaz hitz egiten zen duela 40 urte, baina ez zen frankismoarekin hautsi. Ondorioak begi-bistan ditugu.