Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Baga, biga, higa, laga, boga…

Baga. Primadera hastetik uda-azkenerat txinaurria txuhurra landa bazterrerat… zoratuta egongo da gaurko inurria landa bazterreko zementutik, erdi galduta edo, zein urte-sasoitan ari den jakin gurarik; aurrekontuen eztabaida-garaia dela jakingo balu sikiera, gaitz-erdi! Gabonen atarian dela jakingo luke! Hortaz, Munduko Meteorologia Erakundeak esan berri du 2018 honek orain arte emandako eguraldia inoizko beroena izan dela, planetako mundu gehienetan behinik behin. Kontuan hartzekoa gero! azken batean eguraldiak egiten du, egin ere, klima…

Tira, baikor pasiboek pentsatu dezakete beroketa globaleko aro honetan gerra hotzik behintzat ez dela izango. Jainkoak berak baleki!

Biga. Jainkoa teklatuan sartu zaidala eta, kristau eskoletako langileak protestan! Zahar egoitzetakoak bezala! Kaleak protestaz jantzi, ze kristo! Zer erremedio! Kaleak berotu behar eztabaida mahaian burua hotz izateko. Maite ditut maite zure bazterrak… Bazterrak erdigunean jarri arteko protestak. “Ahoprest” dira kalean, “belarribizi” behar mahaian!

Higa. Izan badira izen oneko bankuak, gaurko sistemaren erdigunea higatu nahi dutenak, zabalgune berriak eraikitzeko. Horra, Gabon atariko elikadura bankuak! Txaleko laranjak lehendik zetozen txaleko horiei gehituta. Izen oneko bankuak, bai, unea helduta desagertzea helburu dutenak, gaurko beharrak behar ez diren unean. Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai…

Laga. Ezin epaitegitik datorren azkeneko epaia nire burutik alde egiten laga. Gurasoei arrazoia eman baina justizia kendu egiten dien horrena. Hegoak ebaki banizkio… Bai, bada planetako munduetan norabide egokian arraun egin beharra, plaza, mahai zein epaitegietan hamaika ziaboga egin… Hortaz, boga!

Eta belar txarrak sega ere! Ikimilikiliklik!