Belarri motz, aho itxi
Euskaraldia eta surfa nola lotu pentsatzen ari nintzela pasadizo bat etorri zait burura eta berau kontatuko dut, nahiz eta horretarako gaztelera apur bat erabili beharko dudan. Badakit euskaldun peto izateko konplexuak zabaldu nahian dabiltzan euskaldun berri ahobibizi muturreko horiek gaitzetsiko nautela, baina zer naizen eta nire ama hizkuntza zein den oso garbi dudanez, kontzientzia kargarik gabe kontatzera noa duela 15 urte baino gehiago pasa zitzaidana.
Ez naiz oroitzen Gipuzkoa edo Euskadi mailako surf txapelketa zen. Kontua da ni speaker (hitz hau onartuko dute muturreko euskaltzaleek, ingelesez baita, erabili ezin diren hizkuntzak gaztelera eta frantsesa dira antza) lanetan nenbilela. Euskaraz ari nintzen, besteak beste gazteleraz ongi egiten ez dudalako. Eraikuntzan erabiltzen diren kabina pare batekin bi solairuko aterpea osatu genuen eta ni goiko solairuan nengoen epaileen ondoan.
Batzuetan jendea hurbildu eta behetik oihu egiten zidan bere txandan halako edo bestelako musika jar nezala eskatzeko eta nik gustu handiz egiten nituen dijei lanak. Une batean, azpialdean zen kabinaren ondoan likrak banatzen zebilen lagunak txistu egin zidan kanpoaldera ateratzeko eta han non ikusten dudan likra janzten Efe jauna. Horrela deituko diot zeren bere ezizena letra horrekin hasten zen, baina aurpegira inork ez zion horrela deitzen. Gainera gaur egun gauzak dauden bezala, askoz ere garestiago ateratzen da egia egiatan kontatzea, gezurra gezurretan baino.
Jarraitu aitzin beste break bat. Garai hartan He-man deitzen zidaten surflari batzuek, batez ere Haritz izenak duen «tz» ahoskatzeko gai ez direnek, alegia, espainolek eta bizkaitar askok (gehiegik). Tira, kontua da Efe jaunak, txapelketa ikusten ari ziren ikusleek ongi entzuteko moduan, ozen, honakoa esan zidala: «He-man, que voy a entrar al agua, asi que habla en cristiano para que pueda entender».
Kabinara sartu nintzen, musika jaitsi eta mikrofonoaren bolumena igo nuen. Eta honakoa erantzun nion surflari donostiarrari: «Efe! Aquí el único que habla en moro serás tú, por que yo que sepa, ya les costó pasar de Iruñea!». Ez da munduko erantzun onena, gauza bera beste modu batera esan nezakeen, kontzeptu egoki eta zuzenagoekin, eta esaldiaren egitura gramatikala ere ez dakit zuzena ote den, baina horrela esan nuen eta horrek ez du atzera bueltarik.
Isiltasuna nagusitu zen, ondoan nituen epaileek erotua banengo bezala begiratu ninduten, eta egia esan, ez zuten arrazoi faltarik, eztabaida piztu izan balitz bakar-bakarrik egongo bainintzateke, zeren euskaldunak, edo euskararen aldekoak, beti izan gara gutxiengo Euskal Herriko surf komunitatean. Baina errealak diren istorioak, sarri ez dira ongi amaitzen. Musika txarra jarri eta bere olatuen puntuazioen berri eman ez nion arren, Efek, txanda hura pasa eta finalera iristea lortu baitzuen. Gaur ez dakit, egoera bera berriz errepikatuko litzatekeen, baina gustura jakingo nuke ondoan nituen epaileek “belarriprest” edo “ahobizi txapa” soinean eramango luketen. Gehiengoa, beti, isilik egoten direnek osatzen baitute.

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
