04/12/2018

Ibilbide berri bati ekin aitzin, bi «Elementu» aurkeztu ditu Kalakanek

«Elementuak» proiektua 2015ean abiatu zuen Lapurdiko hirukoteak. Horren inguruan, berrargitalpen bat eta kolaborazio disko bat eramanen ditu Kalakanek Durangoko Azokara. Elkarlana Mongoliako Alexandre Arkhincheev-ekin batera egin dute, heldu den urtean musikariarekin batera egingo duten birari begira. Bestalde, hirukotearen lanak ekoizten dituen Saroia elkartea lehen aldiz beste talde batekin ere ariko da lanean, Berçaits anaiekin.

Idoia ERASO|BAIONA
1204_kul_kalakan

Bi lan oso ezberdinekin joango da Kalakan Durangora, baina oinarrian proiektu beraren parte dira bi diskoak. 2015. urtean abiatu zen “Elementuak” egitasmoa. Orduan Jamixel Bereau eta Xan Errotabehererekin batera Thierry Biscary ari zen. Orain, aldiz, hirukotea Pierre Sanglak osatzen du.

Duela bi urte sartu zen kide honek izaera berria ekarri dio musikari; hori dela-eta egitasmoaren izena daraman diskoa berriz argitaratzea deliberatu dute. «Duela hiru urte ireki genuen liburu bat ixtea da xedea, baina eguneratuz, gaurko Kalakanen soinuarekin. Gure aztarna berria garbiki utziz», azaldu du Xan Errotabeherek.

Aldaketarekin izaera berri bat hartu du taldeak, eta kontzertuen ondoren saltzen dituzten diskoetan ikusleek entzun dutenarekin bat egiten duen obra aurkitu nahi dutela baieztatu du Jamixel Bereauk: «Orain kide berriaren ahotsa agertzen da, bere nortasuna ezberdina delako, taldearen nortasuna aldatzen da pixka bat, eta soinua ere bai». Bere kideak gaineratu du: «Gure instrumentua den ahotsean, bere tinbrearen ezberdintasuna nabaria da». Sangla, kantari eta musikaria ez ezik, perkusionista ere badela gaineratu du: «Bere jakitatea perkusio aldetik ageria da».

Diskoko kantuen bertsioez gain, «badira beste aldaketa batzuk, nahiz eta handiak ez izan», azaldu du Bereauk. Kide berriarekin kantatu dituzten kantu guztiak daude, jatorri duen diskokoez gain Kalakanen lehen CDkoak, eta orain arte grabatu gabeko batzuk ere atzematen ahalko dira.

Duela hiru urte abiatu zen proiektuari bukaera eman nahi diote aurkeztu berri duten lan hauekin, eta egitasmo berri bat prestatzen ari dira; asmoa heldu den urtean aurkeztea da.

Bestetik, “Mendeala” du izena Alexandre Arkhincheevekin batera egin berri duten diskoak. Kolaborazioak dira lapurtarrek berriki argitara eman dituzten obrak, eta azken honek Mongoliako soinuak ekarri ditu. Zazpi kontzertu egin zituzten elkarrekin, eta musikarien «bi unibertsoek errazki bat egin zuten».

Gauzak horrela, «gure arteko harremana eta publikoaren harrera ikusita, heldu den urterako elkarrekin bira bat egitea proposatu diogu, eta hori berotzeko erabaki genuen kolaborazio disko hau grabatzea», azaldu du Errotabeherek.

Arkhincheev-en unibertsoak bere kultura ordezkatzen du; horrela, saturazioa eta kantu difonikoak entzun daitezke mongoliarraren ahotik. Asiako musika-tresnak ere gehitu dizkiete erabili ohi dituzten bertakoei. Morin-khuur, txelo tradizionala, eta musu-gitarra entzun daitezke, besteak beste.

«Soinu ezberdinak agertzen dira disko horretan, guk gure kontzertuetan inoiz nahastu izan ez ditugunak», azpimarratu du musikariak. Bestalde, Bereauk gaineratu du: «Kantuei dagokienez gure betiko abestiak izanen dira, ez da berrikuntzarik, baina Alexandrek bere soinua eta bere ahotsa ekartzen ditu, baita kantu buriatiar tradizionalak ere».

“Anai”

Donibane Lohizuneko Berçaits anaien lehen diskoak “Anai” du izena. «Lehen aldikotz Saroia elkarteak bere zigilua agertuko du Durangon», baieztatu du Errotabeherek, beren erakusmahaia hirugarren urtez hartzen dutela oroitaraziz. Baita gaineratu ere: «Nahiz eta Kalakanen diskoak ekoiztu ditugun, lehen aldiz beste norbaitena egin dugu. Ez bakarrik ekonomikoki, alde artistikotik ere bai».

Ekoizle lanetan aritu diren musikariek bezala, euskal kantu tradizionala dute oinarri. «Haien kantatzeko modua, sentitzeko eta bizitzeko era, oso indartsua da, eta aldi berean biziki hunkigarria», borobildu du ekoizle bilakatu den musikariak. «Labetik atera berria den diskoa» Ahotsenean deskubritu ahal izango da igande goizean.

BI UNIBERTSO


«Bagoaz bakoitza bestearen errepertorioaren musika eta unibertsoaren bisita egitera, soinu bat sortzeko bi entitateen artean. Alexandre Arkhicheev artista buriatiarrarekin lan egin dugu», azaldu du Xan Errotabeherek.