05/12/2018

Autobirika bat zidorrean

Ikasleei ateak zabalduta hasiko da gaur Durangoko Disko eta Liburu Azokaren 53. aldia, hitzorduaren etorkizun zantzuak arrasto bihurtzeko ahaleginean. Igandera bitartean ahalgune, arnasgune eta elikagune izango da. Tartean, ehunka liburu, disko eta bestelako hamaika proposamen, aspaldion laukizuzen hertsi izateari utzi baitio euskal kulturatik etorritako zitarik garrantzitsuenak. Durangoko Azoka da. DA! Autobirika bat zidorrean.

A.K.|donostia

ABIATZEA


Durangoko Azokak 10.30ean zabalduko ditu ateak gaur eta inaugurazio ekitaldia 19.00etan izango da. Ikasle eguna izanagatik ere, zer ikusi eta zer entzun izango da Azokako gune desberdinetan.

Iritsi da. Iritsi da norabidea Durangorantz jartzeko ordua. Gaur zabalduko ditu ateak kultura azokak. Disko eta liburu enkontru izaera aspaldian galdu baitzuen. Orain, DA! askotarikoa da. Eta hain zuzen aniztasun hori izango da etorkizun amu. Ikasle eta gazteei zuzendutako eguna izango da gaurkoa, datozen hamarkadetan Azokak biziraungo badu, irakurle, entzule, kontsumitzaile... erromes berriak beharko baititu. Inaugurazio ofiziala gaur arratsaldean izango da.

Igandera artekoa izango da aurtengo ekitaldia. Bost eguneko tradizioaldia euskaltzaleen bidean. Euskaraldiko txaparen ondorenean, Azokarako maskorra gainean. Erromesaldia? “Egunpasaldia” edo “gaupasaldia”, hobe. “Aldi” horretan ikusiko baitira Landakon eta Landakotik at fakirrak iltze-ohe gainetan lotan, Habanako idazle noktarioak, Altzoko erraldoi libururatuak, erresuma eta errepubliketan eraikitako hamarka paperezko harresi.

Askok diote Durangoko Azoka arnasgune bat dela euskal kulturaren birikentzat. Badela barne kaxa hauspotzeko eragilea, hitzordu botanikoa, lege zahar berriztatua, autobirika bat zidorrean. Dena dela, zaila da zehaztea zer bihurtu den gaur egungo Azoka. Izan bai baitira alderik tradizionalenetik bizi duten bisitariak, eta badira deskubrimenturantz bideratuta gerturatzen diren gazteak. «Joan behar da» horretan iltzatutakoak, eta «joan gaitezen» probazkoan hasten direnak.

Ohitura onak ez omen dira galdu behar. On edo ez hain on, ziurrenik nahigarriena litzateke 52 urtez ohitura izan dena beste hainbestetan edo gehiagotan ohitura izaten jarraitzea. Ohitura masiboa. Euskal kulturak biziraungo badu, publikoa beharko du, kritika beharko du eta saltzaileak beharko ditu. Katebegiz jositako soka bat.