Kaiolako txapeldun berriak Azkoitian erabakiko dira
Olatz Arrizabalaga, Patri Espinar, Oihana Orbegozo eta Amaia Aldai prest dira igandeko finaletarako.

Datorren igandean jokatuko dira Azkoitiko Gurea pilotalekuan Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalak. Jaialdia 12.00etan hasiko da Promozio mailako finalarekin, Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Amaia Aldai dimoztarrak jokatuko dutena, eta ondoren izango da Lehen Mailako demaren txanda: Olatz Arrizabalaga arteagarra Patri Espinar usansolotarraren kontra. Ikuskizunak bertaratzea mereziko du, baina ezin duenak ETB1en jarraitu ahal izango ditu zuzen-zuzenean.
Maila nagusitik hasita, argi dagoen gauza bakarra lehiaketak txapeldun berria izango duela da. Leire Etxaniz, orain arteko dominatzaile nagusia, final-laurdenetan kanporatu zuen Patri Espinarrek, 22-21 amaitu zen partida borrokatu baten ostean. Multzo gogorra izan zen, Maider Mendizabal ere kanpoan geratu zelako, eta argi erakusten du Usansoloko pilotaria txapela lehen aldiz janzteko gogotsu eta indartsu dagoela.
«Banekien zaila izango zela, baina konfiantza osoa nuen neure buruarengan. Egoera onenean ez nintzen iritsi jardunaldi horretara, baina zerbait egiten badut horixe da: beti borrokatu bukaerara arte. Nahiz eta fisikoki ez egon horren ondo, buruz oso indartsu nengoen», gogoratu zuen Espinarrek atzo Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan egindako aurkezpen ekitaldian.
Finalera begira jarrita, partida «oso gogorra» espero duela azaldu zuen, baina ez zuen estrategia argirik finkatu nahi izan aldez aurretik. «Ni zentratuta irteten saiatuko naiz, gehiegi ez arriskatzen, eta aukera dudanean jokaldia botatzen. Maiteren kontra –Ruiz de Larramendi, finalerdian– dena botera jokatu nuen. Hasieran ez neukan horrela pentsatuta, baina gero horrela atera zen. Orain nik planteamendu bat egin dezaket, baina gero finalean ea nola erantzuten duen berak».
Ikusi egin beharko da, baina Olatz Arrizabalagak oso argi utzi zuen igandean arriskatzera irtengo dela. «Antzeko jokoa daukagunez, uste dut huts gutxien egiten dituenak irabaziko duela. Biok joko polita egitera joango garela uste dut, arriskatu egingo dugula, zeren asmatzen baduzu besteari tantoa oso zaila ipintzen zaio. Patrik esperientzia handia dauka, kalitatea ere bai, eta ni bere jokoa egiten ez uztera joango naiz. Ea nirea ongi irteten zaidan», aztertu zuen.
Binakakoan txapeldun azken bi urteetan –Leire Etxanizekin bietan–, lehen aldiz hartu du parte aurten lau eta erdikoan, eta emaitza uste baino hobea izan omen da. «Lehenengo aldia zenez, ez nekien noraino hel nintekeen, baina aurreneko partidatik gustura irten nintzen, zerbait egiteko aukera baneukala pentsatuz. Neurketak aurrera joan ahala konfiantza hartzen joan naiz eta azkenean hemen nago, txapela lortzen saiatuko naiz», laburbildu zuen Gautegiz Arteagako pilotariak.
Futbola eta pilota uztartuz
Finalisten laukotean aurpegi berri bakarra Amaia Aldairena da. 18 urteko dimoztarrak Promozioko finala jokatuko du 33 dituen Oihana Orbegozoren kontra, eta esku pilotak emakumezkoei ireki dizkien ate berrien adibide ona da.
«Txikitatik hasi nintzen esku pilotan jokatzen eta asko gustatzen zitzaidan, baina azkenean gero futbolak asko tiratzen du, talde bateko kide zarelako eta lagunekin egoteko. Baina aurten erabaki dut frontoira itzultzea, eta txapelketa hau egokia iruditu zitzaidan horretarako», azaldu zuen 80 pilotariren artean finalera sailkatzea lortu baitu. «Ahal dudan bitartean biak uztartzen segitu nahi dut».
Beste aldea: Donostian jasotako tratua
Emakumezkoen esku pilotak bizi duen loraldia poztekoa den arren, komeni da gogoratzea dena ez dela arrosa kolorekoa eta urratsa egiten duten kirolariek oztopo asko aurkitzen dituztela oraindik. Emakumezko esku pilotariak biltzen dituen Gipuzkoako lehen kluba sortu berri dute, esaterako. «Plaza Emakumeak» du izena eta hogei bat kirolarik osatzen dute oraingoz, Azpeiti eta Azkoiti inguruko 15 batek eta Donostia eta Hernani aldeko beste lauzpabostek. Baina Patri Espinarrek, bultzatzaile nagusietako batek, atzo salatu zuenez, Donostiako kirol patronatutik ez dute inolako laguntzarik jaso. «Bost edo sei diru laguntza eskaera egin ditugu eta ez digute bat bera ere eman. Entrenatzeko frontoia eskatzera joan nintzenean hori ere ukatu egin zidaten. Goizez entrenatu behar dugu eta libre dagoen frontoi batean, eta bestela Larraulera joan. Eta hori Binakako azken Emakume Master Cup txapelketako zortzi finalistetatik sei gure klubean daudela kontuan izanda. Esan nien patronatukoei, Jokin Altuna entrenatzeko frontoia eskatzera joango balitzaie ez lioketela horrelako erantzunik emango. Lotsagarria iruditzen zait».A.A.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
