Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Lurrin garestia, ontzi txikian

Buenos Aireseko G20 koen goi-bilerak argazki mordoa utzi du: Trump eta Xi, aurrez aurre, mahaiko loreekin etsaitasuna ezkutatu nahian edo; MbS, batekin eta bestearekin, batek daki zeri barre eginez; May, bere hiletara doana bezala... Ez da zorionaren kluba, benetan. Argazkilarien zorionarena, gehienera.

Baina, albistea, benetakoa, biharamunean etorri da. LPEE-Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea utzi egingo du Qatarrek urtarrilaren 1ean. Sortzaileetakoa zen kasik.

Zer garrantzi duen klub horretako ekoizle ertain-txikietakoa zenak, eta erreserbak ere apal samarrak dituenak, kartela uzteak? Hutsaren hurrengoa, petrolioaren merkatuaren ikuspegitik. Qatarren eragina merkatu horretan hutsala da. Beraz, epe motzera ez da ezer gertatuko gasolindegietan. Horregatik behintzat.

Baina gauzak oso bestelakoak dira etorkizuneko erregaiari, gas naturalari, begiratzen badiogu. Eta are gehiago, GNL-Gas Natural Likidotuei erreparatzen badiegu. Horretan, munduko potentzia nagusietakoa da Qatar, nagusia ez esatearren. Eta haren erreserbak, batik bat South Pars/North Dome ustiategian Iranekin partekatzen dituenak, munduko handienak dira, luzaz.

Hortxe datza, noski, Qatarrek iazko ekainaz geroztik Saudi Arabiarekin, Emirerriekin eta abarrekin darabilen kalapitaren benetako zergatia. Petrolioa aurkariek daukate, baina gasa Qatarrena da. Horrek eman dio bere aberastasun ia neurrigabea; baita azkenengo urte eta erdi honetako blokeoari aurre egiteko ahalmena ere. Lehendik ere Arabiarentzat onartezina zen kanpo-politika (Turkia eta Iranekiko harremanak) sakonduz, jakina.

Petrolioa iragana da; gasa, etorkizuna. Hori da Qatarren ekuazioa. LPEEa utziz, bi faktoreen arteko zubia ia erabat dinamitatzen du Qatarrek. Aurrerantzean lehian izango dira, lankidetzan baino gehiago. LPEEn geratzen den gas-ekoizle handi bakarra Iran da; eta Trumpek erabateko blokeopean ipini nahi du. Errusia eta Turkmenistan inoiz ez dira kide izan.

Eta orain, giltzarekin ihes egin du Qatarrek.