08/12/2018

Crónica
[
Godot-o dut talde lana
1208_oir_miss

Godot-o dut talde lana. Ekarriko didanaren zain nagoelako beti, inoiz oso ondo jakin gabe zer izango den. Gorrotatu izan ditut prozesu kolektiboak, etxeko sofa orduak akabatzen dizkidaten bilera infinituegiak, loop amaiezin batean bezala luzatzen diren eztabaidak. Baina bestetik, prozesu kolektiboetan murgiltzean hainbeste ikasi dut nire mugez, egoaz, norberaren ahalmen urriak taldean anplifikatzeaz, ondokoen ahalmenaren frontoi izatearen magiaz! Maite dudalako gorroto dut talde lana, beraz. Eta horregatik akaso, talde lanera bueltatzeko gogoa edukitzearren naiz idazle, idazteak dakarren sormen bakardadeaz ihes egiteko berriz antzezle.

Lehen lerro hauek idatzi eta azkenaldian bizi izan ditudan bi sormen prozesu etorri zaizkit berehala akordura: “Miss Karaoke” eta “Zanbuia!” antzezlanenak. Hain izan da haietan aberasgarria bizipena, arriskatua bidea, hain erakargarriak bertigoa, laguntasuna eta esperimentazio basa, berriro biziko nituzkeela blokeoak, sormen prozesuko loezak, berriro erreko nituzkeela zigarro guztiak eta edango kafe denak.

«Miss Karaoke»

Garaion Sorgingunean nago lerro hauek idazteko unean. Bihar, azaroak 25, emanaldia eskaini behar dugu bertako lastotegia antzoki bilakaturik. Leku berezia da: naturaren erdian, era ezberdineko ikastaro eta proiektu ugari egiten dituzte. Une honetan zumitzarekin eskulturak egiten dabil talde oso abegikor bat, eta Euskal Herriko emakume artisten lanak bisibilizatzen laguntzeko erakusketa kolektibo bat dute ikusgai. Bertan egon ginen gu ere duela ia bi urte “Miss Karaoke” sortzeko lehen egonaldia egiten. Bost lagun astebetez mendian galduta, lehenbiziko aldiz elkarrekin lanean.

Guztia da prozesua. Metrokoadroka kolektiboan antzerkia ulertzeko dugun moduan guztia da sorkuntza, guztia izan daiteke lanerako materiala. Garaionen egon ginen bitartean bizitzari buruz hitz egin genuen, generoari buruz, gorputzei buruz. Proiektuarekiko bakoitzak zituen kezkak eta beldurrak konpartitu genituen, proiektu honetarako baliagarria izan zitekeen konplizitate bat sortuz. Lankideak banaka mimatzea eta zaintzea jarrera bat izatez gain, prozesuaren parte bilakatzen da: Marina Suarez Ortiz de Zarate, Unai Lopez de Armentia, Iñaki Ziarrusta eta Jabitxin Fernandez dagoeneko ez dira fitxa artistikoan azaltzen diren izen hutsak.

Antzezlana kanpotik gidatzea tokatzen zaidanean, izan idazle edo zuzendari modura, une oro nago adi. Batzuetan materialak sortzeko egiten ditugun inprobisazio ariketak bezain garrantzitsuak dira haien osteko atsedenaldiak, une horietan sortzen direlako sarri gidoi baterako garrantzitsuak izan daitezkeen ideiak eta esaldiak.

Testua idazterakoan testuari ihes. Sormen prozesu kolektibo batean garrantzitsuena ez da aldez aurretik idatzitako testu itxi bat edukitzea. Kontrara, ihes egiten diot literaturari, taldekideen sormena enkorsetatu dezaketen patroiei. Idazle naizen heinean antzezlaneko hitzek kalitate bat izatea dut xede, baina horrek ezin du taldearen sormena ito. Oreka zaila da, baina ez ezinezkoa. Obra baten autorea benetan taldea baldin bada, idazleak taldekide bat gehiago behar du izan. Idazlearen funtzioa obra batek behar dituen elementuak detektatzea eta poetikoki ordenatzea da: izan hitzak, gorputz mugimenduak ala taldekideen artean off the record sortutako elkarrizketak.

Gidoi itxi bat baino gehiago poemak, testu solteak, mugimendu fisikoetarako ideiak erabili ohi ditugu aktore lanerako oinarri gisa. Hortik abiatuta aktoreei zein lan teknikoagoetan (jantziak, argiak) dabiltzanei okurritzen zaizkien ideia berriak hartu, ezagutu, errespetatu eta txertatu idazketa orokorrean. Iritsi behar da une bat zeinean taldeko edonork dakien nondik datorren eszena bakoitza, halako edo bestelako esaldia noiz etorri zen. Pixkanaka taldekide bakoitzak obra habitatzen du, bere burua islatuta ikusten du obraren idazketa definitiboan.

Formularik gabe, aldiro formula topatu. Sormen prozesu kolektiboak era askotakoak izan daitezke, segur aski proiektu bakoitzeko formula ezberdin bat asmatzen da. “Miss Karaoke” -k berea ekarri zuen: batzuetan talde lanarentzat garrantzitsua da espezializazioa, rol banaketa, norbera gustura dagoen lekua topatzea eta sakontzea. Sormen prozesu kolektibo batean lanak eta ofizioak banatu daitezke, energia motak taldearen barruan, oholtza gainean zein oholtzatik at.

Bibrazioa. Garaionen egon ginen bitartean beste kolektibokide batzuk gonbidatu genituen probokazio kreatiboak egitera. Idoia Beratarbide eta Joseba Roldan etorri ziren, kasu, eta goiz oso bat iraun zuen performance oso eder bat eginarazi ziguten. Garaionen inguru ederrean aritu ginen oihukatzen, marrazten, idazten, bakardadean ibiltzen... ostera zuzendaritza lanetan parez pare izan dudan Javi Barandiaranek dioen bezala, “bibrazioa” sortzea da xedea, talde osoak obraren gaiaren inguruan konpartitzen duen giroan murgiltzea, imajinario komun batean, talde honek soilik biziko duen esperientzia intimo eta era berean konpartitu batean sakonduz.

«Zanbuia!»

Naturatik naturara, azken urtean poz handia eman didan beste proiektu bat: “Zanbuia!”, Eako Poesia Egunen gonbidapena onartuta herrian bertan astebeteko egonaldian ia hutsetik sortu genuena. Hamalau lagun egon ginen lanean, aspaldi zen ez nuela hain prozesu asanblearioa bizitzen, esango nuke gutxitan egon naizela nire antzerkiari buruzko idealetik hain gertu. Emanaldia behin bakarrik egiteko izanik akaso askeagoak izan ginen, ez genuen merkatuak normalean inposatzen dituen presio itogarriekiko menpekotasunik.

Polaroid poetikoak. Horrela deitzen diogu azken antzezlanetan jorratu izan dugun nolabaiteko sistemari. Gauza da kontatu nahi den horren inguruan irudi fisiko poetikoak sortzea. Argazki poetiko estatikoak, gorputz metaforikoak: intuizioari hitz egiten uztea dute xede, funtsean. Ahalik eta irudi gehien, ahalik eta askeen, hitzetik ahalik eta urrunen. Horrelako irudiak sortzen jardun genuen aste osoan hamalauok, herritarren udako bakea tarteka asaldatuz, batzuen harridurarako eta besteen gozamenerako.

Narraziorik gabe, poetika baten bila. Obra sortzeko Eako hainbat lagun elkarrizketatu genituen herriko iraganaz, emakumeen bizitzaz, memoria kolektiboan geratutako pertsonen oroimenaz. “Zanbuia!” ez zen antzerki narratiboa izan, baina bazegoen nolabaiteko kontakizun bat, bertako jendeak berehala errekonozitu zuena. «Esperimentatu» hitza gustuko ez dudan arren konbentzitua nago posiblea dela, arriskatu daitekeela, erokeriak egin daitezkeela eta hala ere komunikazio prozesua osatu publikoarekin. Antzerki komertzialarena mito faltsu bat da, arte eszenikoei loturiko merkatuak ideologikoki inposatzen duena modu interesatuan. Beti gabiltza dramaturgia berriak aldarrikatzen: interesatzen zait publikoak benetan orain eta hemen gertatzen ari den zerbait bizitzen ari den sentsazioa edukitzea. Aktorea ikustea, pertsonaiaren azpitik baino gehiago, gainetik. Noski, teatroa jokoa da, teatro mota asko egon daiteke, aniztasunaren alde nago ni. Horrexegatik beragatik, euskal teatroa anitza izango bada beharko du baita ere probokazioa, akzio-antzerkia, performancea, beharko du sortzaileek arriskuak hartzerakoan lasaitasunez porrot egiteko marjina.

Orain eta hemen mina dagoen puntua topatzea eta bertatik edertasuna transmititzen asmatzea da niretzat esperimentazioa, eta ez pose bat, ez jarrera elitista bat. Teatroak ez du zertan izan soilik ulergarria, narratiboa, politikoki mastikatua (politikoki “jatorra” denetan ere). Zailena norbere beldurrekin ez konformatzea da. Performancearen ideia egongo da akaso sarriegi, bai, artearen ingurumari gutxi-asko estuei loturik, baina performancea museoetatik ateratzearekin egiten dut nik amets, izurrite baten moduko euskal-teatro-performatibo-bufoi kutsakor bat erdiestearekin.

Sukar batean idatzi ditut lerrook, baina ezin guztia jarri: “Zauri Bolodia”-ri utzi beharko diot hurrengorako zerbait. Amaierako puntu gisa aipatuko nuke norberaren mugak opari bat direla: hortxe azalduko zaizkizu sormenak behar dituen mina, aurkikuntza, erronka. Eta horrelaxe amaitzen dut testu hau, Garaioneko paraje ederrei begira, lagunekin kableak luzatzen, dimmer-ak konektatzen, fokuei lanpara hautsiak aldatzen gabiltzan honetan. Eskuak zikintzen, langileak garelako beste ezeren gainetik.