GARA
BILBO

Jon Enbeitak jantziko dio txapela Bizkaiko bertsolari txapeldunari

Jon Enbeita Ealo bertsolariak jantziko dio txapela 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari. Finala larunbat iluntzean izango da Bilbon, 17.00etatik aurrera, Bilbao Arenan.

Finala jokatuko duten bertsolariak hauek izango dira: Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo “Abarkas”, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Garretebeitia.

Jon Enbeita 1950ean jaio zen Muxikan. 3 urterekin aita Balendin Enbeitak zuzendutako antzezlan batean kopla bat kantatu zuen lehenengoz. 9 urte zituela kantatu zuen lehen aldiz plazan. 10 urterekin dokumental aleman batean agertzen da kantari.

Euskal Herritik kanpo ere aritua da bertsotan; esaterako, Erroman, Nevadan eta Idahon. 1996. urtean “Paperetik plazara” taldea sortu zuen; urte berean, aitaren heriotzaren 10. urteurrena zela eta, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ekimenez, “Balendin oroituz” ikus-entzunezko lana moldatu eta aurkeztu zuen hainbat tokitan. 2000. urtean, “Enbeitatarrak II” liburua sortzeaz gain, hirukote bat sortu zuen Urretxindorraren bizitza kantuz kontatzeko.

Bertsolaritzan ibilbide oparoa izan du: bost bider kantatu du Txapelketa Nagusiko finalean –1980 (bigarren egin zuen), 1982, 1986, 1989, 1993–; beste bost bider izan da Bizkaiko finaletan, eta horietatik bi bider izan da Araba-Bizkaiko txapeldun –1987, 1990 (txapeldun), 1992 (txapeldun), 1994, 1996–. Bertso idatzietan ere sari ugari jaso ditu.

Musikan ere ibilbide oparoa izan du, gitarra eskuan. 17-18 urterekin hasi zen bere kontura gitarra jotzen ikasten, eta Euskal Herri osoan ibilia da bakarlari. Hainbat disko ere grabatu ditu; azkena, iaz.