GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiak suhiltzaileen lan-poltsa deituko du

Gipuzkoako Aldundiak suhiltzaileentzako lan-poltsa bat deituko du «datozen egunetan», Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazio diputatu Imanol Lasak asteartean jakinarazi zuenez. Lan-poltsak «ahal bezain laster lurraldeko parke guztietan errefortzurako pertsonala kontratatzeko» balioko duela adierazi zuen; izan ere, kontratazioa «azterketarik gabe» egingo da, eta «suhiltzaileen esperientzia» izango dute kontuan, «prozesua azkartzeko».

Berebat, diputatuak ohartarazi zuen sindikatuei gaur bertan azalduko dizkietela ekimenaren xehetasunak.

Lasak baieztatu zuen datorren urteko estatuaren aurrekontu legeak ezarritako birjartze tasa (lehentasunezko lanpostuetan enplegu publikoko eskaintzak egitea ahalbidetzen duena) aprobetxatuko dutela suhiltzaileen LEP bat onartzeko.

Gogorarazi zuen 2017an beste LEP bat deitu zuela aldundiak, «25 plaza kubrituz eta zerbitzuaren egonkortasuna areagotuz». «Ildo berean, azterketak egin aurretik, kabo eta sarjentuen 13 eta 5 plaza bete ziren zerbitzuan, barne sustapenaren bitartez».

Azaldu zuen, halaber, Aldundia Gipuzkoa Babestu 20/30 egitasmoa lantzen ari dela «epe luzera» begira, «datozen 15 urteetan zerbitzuaren etorkizuna diseinatzeko, lurraldeko larrialdi arreta hobetuz eta modernizatuz, erantzute denboretan zein giza baliabideen kopuruan». Bestalde, Planak 74 langile berrirekin plantilla handitzea aurreikusten du.

Suhiltzaileen sektoreak pairatzen duen «pertsonal falta» argitara atera dute asteon, iragan larunbatean arrazoi horregatik Legazpiko Korostiko parkea 24 orduz itxita egon ondoren.