Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Artelanak (eta II)

Artelanekin zer egiten duten, beraien erabakia dela erantzun zioten Kongoko hainbat artistak eta intelektualek Fischerri, baina haren moduko ingeles batentzat halakorik entzutea ezin asaldagarriagoa da, hain zuzen, bere beldurrik okerrenak baieztatzen dituelako: afrikar hauek ez dakite artea nola tratatu eta, beraz, ondo daude artelanak une honetan dauden tokian. Azken batean, British Museumen eta Europako gainerako arte erakundeetan dauden afrikar artelanak dagozkien afrikar herrialdeetara ez itzultzeko Fischerren argudioen atzean dagoen ideologiak horixe bera uste du. Europak neurritasuna, justizia eta ordena adierazten duen bezala, Afrika, Conradek iluntasunaren barruan bidaia egitearekin parekatu zuen kontinentea, justu kontrakoaren irudia genuke: basatia, lege gabea, kaotikoa.

Paradoxikoagoa da Macronen jarrera. Eskuzabala ematen du artelanak itzultzeko bere erabakiak, baina ez gaitezen engaina. Zer, nola eta noiz itzuli behar den, itzuli egin egiten bada (artelan asko mailegatuko dira) Frantziako Gobernuaren esku dago erabakitzea. Zentzu horretan, Macronen ikuspuntua ez dago Fischerrenarekin kontrajarrita erabat. Bien intentzioek argi azaltzen dute Afrikako herrialdeen erabaki eta, kasu konkretu honetan, artea behar bezala baloratu eta zaintzeko ahalmena zalantzan jartzen dutela. Horren aurrean, Fischerren hautua irmoa da: Europa nagusi denez ez da Afrikarekin tratuan hasiko. Macronena, berriz, paternalista da: onartzen ditugu egindako okerrak baina utz iezaguzue laguntzen, guk bakarrik dakigulako zein den konponbiderik onena.