Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Austriatik etorritako espioia

Duela ia hamar urte, XIX. mende hasieran Bilbon kokatu zen Wilhem Wakonigg enpresari eta Austriako kontsularen historia bitxiari tiraka, Gerra Zibilak Euskal Herrian izandako garapenaren inguruko gertaera ez hain ezagunak azalarazi zituen Ingo Niebel historialari eta kazetari alemaniarrak idatzitako “Al infierno o a la gloria. Vida y muerte del ex cónsul y espía Wilhem Wakonigg en Bilbao (1900-1936)” (Alberdania, 2009) liburuak, besteak beste, espioitzak jokaturiko rola. Azken horri lotuta egon zen Wakonigg, Bilboren erorialdia eragiteko asmoz naziekin eta altxatuekin estu kolaboratuz, eta espioitza jarduera horiengatik, hain zuzen, euskal poliziak atxilotu eta herri epaitegi batek heriotzara zigortu zuen 1936ko azaroaren 17an, eta bi egun geroago fusilatu. Wakoniggek Gerra Zibilean izandako parte-hartzeari heltzen dio Joanes Urkixoren “Ekaitza urrun” nobela berriak, gertaera historikoak fikziozkoekin uztartuta.

Nobelak jorratzen duen denbora epean, hots, 1936ko irailetik Wakonigg atxilotu eta fusilatu egiten duten arte, elkarrekin lotuta dauden hainbat hari narratibo azaltzen zaizkigu. Haietan lehenak, Wakoniggen ibileretan oinarritua, intriga istorioen elementuak azaltzen ditu. Austriako enpresariaren urratsak jarraitzen dituzten pasarteetan –Bilbotik hainbat eskuindar, falangista eta monarkikori erbestera joateko aukera erraztetik nazien bitartekaritzarekin espioi sarea antolatzera igarotzen da– nabarmendu egiten da pertsonaiaren psikologia eta barne motibazioak adierazteko idazleak egiten duen ahalegina. Interes propioak, batik bat diruari lotuta daudenean, lehenesten dituen pertsona bezala azaltzen zaigu Wakonigg. Gerra albait arinen bukatzea espero du ekonomia ohiko erritmora itzul dadin, ekonomia kaltetu batek ez baitu inongo inbertitzailerik erakarriko.

Gabino izeneko gazte galdakoztarra dugu bigarren hari narratiboaren protagonista. Aitak frontera joateko baimena eman ez eta Eusko Jaurlaritzaren babesean Luis Ortuzarrek, Bizkaiko barne segurtasunaren arduradun eta Wakoniggen suhiak hain zuzen, antolatu eta zuzenduriko euskal polizia-indarrari (gaurko Ertzaintzaren aurrekaria) lotuko zaio, eta Getxoko Nazioarteko Eremuan Wakoniggen espioi sarearen jarduerak monitorizatzea egokituko zaio. Jarduera horretan dabilela, Rosarekin, hau da, Wakoniggen kide den Federico Martinez Arias Paraguaiko kontsularentzat lan egiten duen neskamearekin, maiteminduko da polizia gaztea. Gabinoren gehiegizko ontasuna eta heldutasun emozional falta azalarazteaz aparte, maitasun istorio honek ez dio tramarik beste ekarpen handirik gaineratzen.

Askozaz interesgarriagoa da Gabinoren beraren eta frontean sozialistekin eta komunistekin borrokan ari den Luzianoren arteko harremana, baina gainerako gertaeren aurrean bigarren maila batean geratzen da hari hau, ia anekdotiko bihurtzeraino. Ezkontzatik kanpo jaio eta aita kanpotarra izateagatik Gabinoren anai-arrebetan zaharrenak jasaten duen bazterkeriak gerra garaiko euskal gizartearen aurreiritzi eta barne banaketarekin aurrez aurre jartzen du irakurlea. Sozialismoaren gainean Luzianok irakatsitakoak zer pentsatu emango dio Gabinori zuzena zer den (edo zer izan beharko litzakeen) erabakitzeari begira, baina etxean jasotako euskalduntasun on eta bakarraren gaineko doktrina indartsuagoa izanik ez dio berritasunari tokirik egiten uzten.

Memoria historikoari begira dezente gogoratzeko eta azaltzeko dagoela erakusten du “Ekaitza urrun” lanak; horixe du lorpen nagusi nobelak. Planteamenduari begira, ordea, hari narratibo guztiek pisu eta eraginkortasun bera azaltzen ez dutela-eta historiak fikzioari irabazten dio partida.