Iraia Oiarzabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Itxaropena eta bizitza larrugorrian

Itsasertzeko pasealekutik elkarrizketa goxoan gindoazela pasa zen gure albotik, gu apenas konturatu ginen arren. Soinean beroki lodia eta artilezko txanoa zeramatzan. Besapean marroi koloreko kartoiak, gau hartan ere koltxoi eta maindire izango zituenak. Neguko lehen hotzaldiak iristen direnean erreparatzen zaie kale gorrian lo egitera kondenatuta dauden horiei. Bazterkeriak, ordea, ez ditu egutegiak ulertzen, ez da urtaro kontua.

Azken hilabeteotan ezagututako datuen arabera, etxerik ez duen lagun kopuruak gora egin du Euskal Herrian. Bizitza prekarioetatik kale bazterrera erortzen direnak uste baino gehiago dira, eta ez dute altxatzeko helduleku sendorik topatzen inguruan. Gauero zopa beroa eta ahuldutako gorputza estaltzeko mantak eskaintzen dizkieten elkarteek ematen diete maiz erakunde publikoek eskaintzen ez dieten babesa, aterpetxeetan oheak murrizten dituzten bitartean.

Baina ez da azpiegitura kontua bakarrik, osasun arazo ere ari da bihurtzen. Atzo ezagutu genuen Lakuako Gobernuak osasunaren inguruan egindako inkesta, arlo honetan ere dagoen arrakala sozialean arreta jarriz. Beharrean dauden herritarrak, baldintza apalenetan bizi diren horiek, elikadurari edota osasun mentalari lotutako arazo handiagoak omen dituzte. Hemen paradoxa, 2013. urtetik hona herritarren bizi-itxaropenak gora egin du.

Mutur batean eta bestean bizi direnen arteko distantzia handituz doa, amildegiaren ertzean dauden horien bizitza eta itxaropena larrugorrian gelditzen den bitartean. Eta horrela hurrengo negura arte.