Nerea Goti
Kazetaria
IKUSMIRA

Bidegabekeria zenbait, elkarrekin Bilbon

Argi urdinen milia dirudien Bilboko etorbide nagusia milaka herritarren oihuez bete da egun pare batean. Kalea bete du pentsiodunen aldarrikapen indartsuak, bizimodu duin bat bermatuko luketen gutxieneko 1.080 euroko pentsioak eskatuz. Manifestazio handia izan zen, indarra ez ezik irudimena eta garaipena lortzeko ilusioa erakutsi zuena, sektore ugariren kemenak bultzatuta, propagandaren gainetik.

Handik ordu batzuetara, beste mobilizazio batek hartu zuen Bilboko erdigunea, Iñigo Cabacasen heriotzak hasieratik epaiketara arte izan duen trataera bidegabea salatzeko deituak. Etxekoak epaiaren zain zeuden, eta honek ere ez die justiziarik eman, baina, jakina, gazte bat zen, herriko taberna baten ondoan zegoen eta Ertzaintza zuen aurrean. Manifestazio txikiagoa izan zen, baina bidegabekeriaz beteriko sei urte eta erdiren ostean Pituren gertukoek eta beste askok justizia eskatu behar izan dute berriz, berme gisa berriz gerta ez dadin eta eredu berri bati bideak zabaltzeko.

Ez zuten kalea hartu, urtarrilaren 12a baita horretarako hitzordua, baina Bilbon izan dira presoen senide eta lagunek pairatzen duten indarkeriak bere horretan jarraitzen duela gogorarazteko. «Egoera hau mantentzea noren onurarako da?», galdetu zuten agerraldian, gero eta bistakoagoa den zentzurik gabeko indarkeriaren aurrean. Hiru aldarrikapenak bidegabekeria ezberdinen adierazle izateak batzen ditu, eta beste askok bezala ondoan dute gizartearen gehiengoa. Helduko da agian euren arteko sinergiak sortzeko aukera, finean berdina da aurrean dutena.