Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Giroen arteko egunak

San Tomas eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da. Negu ofiziala heldu ere, berezko negua gura duenean baitator, neguan izan edo udazkenean; bere esku dago, ez gure. Tira, santomasen harira! Baserriko giroa hirian plazaratzen da urtearen egun horretan. Gutxi begitantzen zait hori, kontuan hartuta hiriko giroa urtearen gainerako egun guztietan plazaratzen dela baserrian. Giroen arteko konfrontazioa azken batez, etengabeko konfrontazioen mendean.

Ez, ez da erraza ganorazko konfrontazio bideak denboran mantentzea, irabazle izateko denborazko perspektiban beti ere… Are gutxiago berbak, eta zenbakiak, modu egokian erabiltzen ez badira. Txikitako hura etorri zait gomutara, lau ebanjelariak hiru zirela, San Lukas eta San Marko. Bada, gaur-gaurkoz, Nafarroako Gobernuaren laukotea bostek osatzen dutela esan behar, Mao haren «bat bitan banatzen da» gomutan. Bada, gaur-gaurkoz ere, gure hegoan oraindik ere mantentzen den Estatuko Gobernuan den bakar hori benetan zenbatekoa den inork ez daki … Jainkoak baleki! Amen.

Aireportuek hartu dute aste honetan prentsan leku handia. Kataluniako hiriburukoa izenez aldatuko dute, eskuzabaltasun seinale edo. Bai zera! begi bistakoa zen ukabilaren gorri-horixka. Izena aldatu, baina izana ez; gobernu zentralistaren esku segituko du. It´s pain! Nonbait, Katalunian lurra hartu nahi izan dute, airetik eta itsasotik hartu ere, gobernu bilera atzerrian egiteko, baina protesta aurkitu dute uneko proposamen. Erreferentziazko giro arteko konfrontazioa.

Gipuzkoako aireportuak ez girorik ez gerorik, halaxe esan du Bilbo aldetik drone gisako jauntxo batek. Jauntxo larregi oraindik ere, bere horretan peto-peto, Bizkaia barik Bilbo bera bilakatu gurarik zentripeto. Ama, ama! ia horma berria egiten dudan etxean, jaso ditudan egutegi guztiei giro emateko…