Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - DELTECO GIPUZKOA BASKET

Unicajari irabazteko ez dago ahuldaderik erakusterik

Malagako taldearen aurka itxiko dute donostiarrek urtea, Illunben, 18.00etan.

«Joko molde bat garatu dugu eta partida bakoitzean erakusten ari gara, baina une txarrak ahalik eta laburrenak izan daitezen saiatu behar dugu». Horra Sergio Valdeolmillosen hemendik aurrerako errezeta. Izan ere, hamar minutu txar nahikoa eta gehiago izan ziren joan den larunbatean Bartzelonaren aurka sekulako egurra jasotzeko: 71-104, hirugarren laurdenean 7-34ko partziala jaso ondoren. Gaur arratsaldean, 18.00etatik aurrera, Unicaja Illunbera datorrela aintzat hartuta, zerbait hobetu beharko dute donostiarrek.

«Talde guztiek dute une txarren bat, baina guk desoreka handia dugu irabazitako eta galdutako partiden artean –3-10 balantzea dauka–, eta horrek asko erasaten digu», onartu zuen Granadako entrenatzaileak.

«Une oro lehiakor izatea» da Delteco Gipuzkoa Basketen helburu nagusia urtea amaitzeko egokitu zaion partida honetarako ere. Unicaja Kirolbet Baskoniaren aurka etxean galtzetik dator, baina oro har oso denboraldi ona burutzen ari da. Entrenatzailea aldatzeak –Luis Casimiro Joan Plazaren lekuan– mesede egin dio Malagako taldeari eta nahiz eta Nedovic izarra Euroliga jokatzen ari den Armani Milanora joan zaien, Jaime Fernandez antolatzaile madrildarra aurkitu dute, serbiarraren lekua ondo baino hobeto betetzeko. Ondorioz, Unicaja sailkapen nagusiko laugarren postuan ageri da, 9-4 balan- tzearekin. Donostiarrak, berriz, azken postuan daude, Estudiantesekin berdinduta, azken aste bietan Lugoko Breoganek bi partida irabazi dituelako.

Dena dela, Valdeolmillosek bereari eusten zion partida aurreko prentsaurrekoan. «Bartzelonak gauzak oso ondo egin behar izan zituen guri gain hartzeko. Hala ere, gu ez ginen lehiakor izan beti, erasoan batik bat, non abantaila onak aurkitu arren ez ginen gai izan abantaila horiek baliatzeko», esan zuen.

Errebotea zaindu behar

Arazoak arazo eta aurkariak aurkari, Delteco Gipuzkoa Basketeko entrenatzailearentzat «nahitaezkoa» da gaur arratsaldeko garaipena.

Baina horretarako erasoko momentu txarrei aurre egiteaz gain, gehiago behar dute donostiarrek. Valdeolmillosek gogoan zuen Bartzelonaren aurka 20 errebote gutxiago harrapatu zituztela, eta badaki Unicajak erasoko errebotean min emango diela gipuzkoarrei, uztaipean fin ez badabiltza.

«Unicaja gertutik zaindu behar dugu, berdin dio zein posiziori buruz ari garen. Egia da, hala ere, defentsako errebotea bermatu ondorengo joko gehiago egin behar dugu. Bartzelonaren aurka erasoan ondo aritu ginen, baina defentsako errebotea zaintzen lan handia izan genuen. Saskiratze asko egin zizkigun Bartzelonak erasoko erreboteei esker eta gu bezalako talde batentzat ezinbestekoa da jario hori etetea, erasora errazago aterako bagara», onartu zuen.