GARA
HERRI KIROLAK

Asteasun bihar, aizkora, harri jasotze eta ingude saioekin agurtuko dute urtea

Abenduaren 31 egun seinalatua da herri kirolean. Kirol emanaldi bikaina izango da aurten ere Asteasuko pilotalekuan, 17.00etan; aizkolari, harri-jasotzaile eta emakumezkoen ingude altxatze saioak.

Egur Spor elkarteak eratzen duen txapelketa honetan hiru aizkolari heldu dira finalera: iazko txapeldun Mikel Larrañaga azpeitiarra, Xabier Orbegozo Arria V.a Errezilgoa eta Iñaki Azurmendi Arriarangoa. Hamaseina kana-erdiko pago enbor ebaki beharko dituzte.

Harri-jasotzaileek ere hirukotea osatzen dute: Xabier Peña Aizarnazabalgoa, Inhar Urruzuno Ondarroakoa eta Imanol Albizu Goikoetxe Elgetakoa. Borroka polita izango da, ligaxkan lehia oso estua izan baitzuten. Emakumeek parte hartuko dute Gabonetako Ingude Txapelketan. Iturengo Maika Ariztegi (iazko txapelduna), Iruñeko Virginia Finol eta Karmele Gisasola mallabitarra arituko dira; minutu eta erdian 10 kiloko ingudea nork gehiagotan jaso.

Bestalde, Urrezko Binakako Aizkolarien txapelketari hasiera emango zaio urtarrilaren 6an Deban; Harri-jasotzekoa bi harrirekin (175eko koadroa eta 150eko kubikoak); eta Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa.