Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Egutegiak agenda agindu

Urte arrunt batentzat gogorra bada urtarrilean abiatzea, are gogorragoa abenduaren hondarrera ailegatzea. Kontuak atera! Zenbat mezu ez ote duen telebistan entzun behar amaiera honetan! Zenbat zorabio bizi, poltsen artean, alde zaharreko denda kaleetan! Zenbat zorion dei hutsal! Zenbat txori elektrokutatu etorbide nagusiko zuhaitz argiztatuen kableetan! Zenbat sasi-opari nonahi! Zenbat zaborrontzi gainezka izkinetan! Zenbat… ! Hala jarri ei zuen Jaunak legea. Mon Dieu!

Eta zenbat egutegi jaso! Etxeko hormak baino egutegi gehiago jaso ditut aurten, handik eta hemendik, tamaina eta formatu guztietan. Hasteko den urtean egunero egutegi bat erabiltzeko moduan jaso ere. Itxura batean, garrantzitsuak diren seinale, edo. Hortaz, ez dut ulertzen Jaurlaritzak egunotan azaldu duen kezka, nonbait egutegi faltan dela. Egutegi falta? Ama, ama! Besterik ez dakit, baina egutegiak!

Kezkatuta ei dago; ezin esan kezkatuta ei dabilela, ibili aditzak mugimendua adierazten duelako. Tira, egutegi harira! Gobernu zentralak ustez agindutako eskumenen egutegia bidali ez eta periferiako hemengo jaurlaritza haserre antzera. Zer berri horretan? Periferia guztiak zentro bihurtu arte ez da planetako munduetan konponbiderik izango, euskaldunonean ere ez; zer edo zer izatekotan “horkonponbideak” baino ez dira izango, sakoneko urratuari azaleko adabakia jartzea legez. Periferia denak zentro bihurtu, horixe “nazio-aniztasuna” aitortzea! Estatutuak Estatu bihurtu, Ongizate-Estatu.

Total, egutegirik ez handik hona, are gutxiago eskumenik. Eta hemen jo eta ke “euskal agenda” dioten hori han fosil bihurtu arte. Ene, ene! Zenbat kalte ekarri duten jainkoak eta bere lege zaharrek! Agenda oharrak hartzeko bada, egutegia bideak zehaztekoa da, bertatik bertara. 2019 on egin dezagula, zertako ospatu bestela!