Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

Gaur egungo gola, besteei irribarrea eragitea

Orain dela urte eta erdi botak zintzilikatu ondoren, Leire Landa gizarte hezitzaile ari da egun Bartzelonan.

Urte hasiera gogorra izango du Athleticek. Atletico bisitatuko du, urtarrileko aldapa neketsuari ekinez. Badago partida hori alde bietan jokatu duen futbolaririk. Futbolari-ohia, zehazki: Leire Landa. Bizkaitarrak animatuko dituena, euskalduna izateaz gain bertan bizi izan baitzituen bere ibilbideko une goxoenetarikoak, norgehiagoka ez ikustea izan baliteke ere.

«Nesken futbola jarraitzen dut, larregi ez, eta mutilena batere ez –onartu du Leire Landak–. Telebistan gero eta gehiago ematen dutenez, errazagoa da jarraitzea. Eta Athleticek eta Realak egiten dutenean interesa daukat, noski. Baina dexente urrundu naiz futboletik».

Bi arrazoi nagusi, eta ulergarri, daude. Futbolak eman zion agurra, mingarria eta merezi gabea, eta ondoren gozatzen ari den bizitza berria, kiroletik aldenduta.

Bada urte eta erdi irundarrak botak zintzilikatu zituela. Ofizialki. Baina agurra askoz lehenago hasi zen, 16/17 azken denboraldi horren hasieran medikuek bere belaunak «funtzionalak ez zirela» esan ziotenean. Albiste txarrari, Bartzelonaren portaera gaitzesgarria gehitu zitzaion: fitxa barik utzi zuten, taldetik baztertuta... Amesgaiztozko agurra, hamabost urte luzetan eliteko futbolean aritutako jokalariarentzat.

Oiartzun, Reala, Atletico, Athletic, Bartzelona; Lehen eta Bigarren maila; Liga txapelketa; eta nazioarteko ibilbide oparoa... Espainiako selekzioak jokatutako lehen Munduko Txapelketan parte hartu zuen, Kanadan orain dela hiru urte lehiatutakoa. Bere karrerako une bikainenetakoa. «Futbolean ez neukan helmuga bat edo, baina egia da Munduko Txapelketa bat jokatzea seguruenik esperientzia gorenetakoa izan dela». Kutsu gazi-gozoarekin, Espainiako selekzioan Ignacio Quereda hautatzailearen agindupean bizi izandako egoerak lehertu baitzuen Kanadatik bueltan.

Hiru urte igaro direnean, gazitasuna ahaztu eta gozotasuna azpimarratzen du Landak, jokalariek piztutako iraultza haren alde onuragarriak. «Estatu mailan inflexio-puntu bat izan zela uste dut. Nesken futbola estankatuta zegoen eta, alde batetik kirol mailan Munduko Txapelketan parte hartzearen lorpenak, eta bestetik jokalarion komunikatu hark, lurrikara txiki bat sortu zuten. Azken urteotan bizitzen ari den eboluzioan aktore gehiago egon dira, dudarik ez, baina guk emandako pausoek ere garrantzia izan zuten. Neu prozesu horren parte sentitzen naiz, eta harro eta pozik sentitzen naiz, pauso bat aurrera emateko balio zuela pentsatuz», azpimarratu du.

Gaur urrutitik begiratzen dio horri guztiari, hala ere. Denborarekin zauriak orbaindu diren arren, futbola ez da orain bere bizimodua, ez praktikatzaile ez eta jarraitzaile gisa. Eta ez du «batere faltan sumatzen». Trantsizioa «azkarra eta erraza» izan zen, «beharbada agurra oso gogorra eta luzea izan zelako. Futbola ahaztu eta errealitatean bizitzen hastea zen nahi nuen gauza bakarra».

Lortu du. Egun gutxi batzuk eman ditu Euskal Herrian familia bisitatzen Bartzelonara itzuli aurretik. Bertan du orain etxea. Eta lana. Jokatzen zuen bitartean Gizarte Hezkuntza ikasketak amaitu zituen eta Bartzelonako adinekoen zentro batean ari da lanean. Ez zen hasierako asmoa, «beti pentsatzen nuelako gazteekin lan egitea, kirolaren bitartez balioak lantzea edo. Baina hau suertatu zen». Eta, bere bizitzan eta karreran gertatu zaion bezala, aurkitu zuen lana «gogorra» bezain «pozgarria» da. «Oso leku berezia da. Kaleko jendeari laguntzen diogu, baliabiderik gabekoari, batzuk kalean bizi direnak... Oso bizitza historia gogorrak dituzte –azaldu du–. Nik beren aisialdia antolatzen dut. Eta horren bidez, euren bizitzaren azken etapan beste modu batean bizitzeko aukera ematen saiatzen naiz». Eta «beren irribarrea lortzen saiatuz» Leire Landak berea ere berreskuratu du.