Estralurtarra
Kezkatuta deitu zidan amak. Argi bitxi bat ikusi zuen zeruan goizean goiz. Handiegia zen izar bat izateko, eta itxura ere ez zetorren izar batenarekin bat. «Ez ote dira estralurtarrak gure bila etorriko?», galdetu zidan barre burlati batekin. Aspaldiko txantxa da gure artean.
Ezohiko zerbait gertatzen den bakoitzean estralurtarrei leporatzen diegu kontua, errua beti besteei egozten dien politikariaren maina berarekin. Ez naiz gogoratzen zehazki nola hasi zen txantxa. Akaso, txikitan neba-ahizpok barrez leherrarazten gintuzten Jules Verneren nobeletan oinarrituriko film zaharrek edo jadanik nerabe ginela gure eszeptizismo burlaizea berrituko zuten “X txostena” telesaila bezalakoek izango zuten zerikusirik. Iñaki Zubeldiaren “Euskaldun bat Marten” ere hor zegoen: espazioaren konkistan euskaldunek egindako ahalegin literarioaren lekukotza.
Ordu batzuk lehenago egunkarian irakurritakoa azaldu nion, bolidoen kontua eta Nafarroako Planetarioak abiaturiko ikerketa herritarren testigantzetatik abiatuta. Argazkiak ateratzera animatu nuen, Planetariokoek bezala fenomenoa dokumentatzeko. Serio hartu zuen enkargua, auzoko batzuk ere jarri baitzituen zeruko argi bitxiari jarraipena egiten. Ni neu ere errekrutatu egin nau, estralurtarren gainean ezer entzun dudan galdetzen baitit egunero.
Norbaiti irakurri nion estralurtarren mehatxuaren atzean gizakiaren ahalmen suntsitzailearen proiekzioa baino ez dagoela. Mundua ez dute indar arrotzek suntsituko; gu geu arduratuko gara horretaz.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
