Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - DELTECO GIPUZKOA BASKET

Breoganek ia behin betiko egin die ihes donostiarrei

Galiziarrek talde gipuzkoarra hirukoz josi zuten eta erreakzio modurik gabe utzi.

BREOGAN 83

DELTECO GBC 71


Aurkariek hainbeste asmatzen dutenean ez dago zeregin handirik, ezta norberak hainbeste huts egiten badu ere. Delteco Gipuzkoa Basketek lanerako jarrera ona eraman zuen Lugora, baina Galiziatik ere burumakur itzuli behar izan zuen. Bai Natxo Lezkanoren mutilek erraz asmatzen zutelako saskiarekin, bai gipuzkoarrek markagailuan hurbiltzeko aukerak alperrik galdu zituztelako, hasierako minutuetatik aparte atzetik joan behar izan zuten, garaipenarengandik gero eta urrutiago. Ondorioz, galiziarrengandik hiru garaipenetara daude orain donostiarrak, aurreneko itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta direla.

Ongi hasi ziren Sergio Valdeolmillosen gizonak: 0-4, baina hurrengo jokalditik bertatik hasi zitzaizkien arazoak, Mouhammed Barrok erraz asko saihesteko moduko bi falta pertsonal egin zituelako. Ostean, Millsap eta Vidal hirukoak sartzen hasi ziren, eta akordatzerako Breogan 20-10 ari zen irabazten. Dani Perezen ekimenari esker 23-21 hurreratu zen GBC, baina porrotaren hazia ereinda zegoen.

Redivoren hiruko ezinezkoa

GBCko jokalari ohi Salva Arcok bost puntu jarraian sartu zituen bigarren laurdena hasteko. Breogan 15 puntuko aldeaz irabaztera ere iritsi zen, beste ezergatik baino gehiago botatako ia guztia asmatzen zuelako.

Horren adibide da Lucio Redivok hamar metrotatik sartu zuen hiruko ezinezkoa: jabetzaren azken segundoan eta Fede Van Lacke herrikidea gainean zuela. Galiziarren zazpigarren hirukoa zen dagoeneko, hamar saiakera soilik eginda. GBCek 16tik 5 bakarrik sartu zituen.

Besterik ezin egin, eta donostiarrek lehian jarraitu zuten. Beste behin Dani Perez antolatzailea izan zen gipuzkoarren argi printza dirdiratsuena. Bere puntuei eta asistentziei esker Delteco GBC atsedenaldira nolabait bizirik iritsi zen, 47-36, baina Breoganen menpe beti.

Cvetkovic eta Brownen eskutik Breogan 18 puntuko aldeaz urrundu zen: 60-42. Hala ere, esnatu egin ziren donostiarrak Gutierrez, Nevels eta Bobroven eskutik, 1-7ko partziala ere erdietsiz. Alabaina, benetan hurbiltzeko aukera izan zutenean behar baino huts gehiago egin zituzten, hala paseetan nola jaurtiketetan, eta ezin izan zuten 66-56 baino gehiago hurbildu markagailuan.

Laugarren laurdena nahia eta ezina izan zen Delteco GBCrentzat. Burjanadzek eta Bobrovek etsi gabe ekiten zuten, baina Arcok jaurtiketa guztiak sartzen jarraitzen zuen. Hori gutxi ez eta Gerunek bizpahiru jokalditan saskiratzea eta falta atera zituen donostiarren ahalegin guztiak bertan behera lagatzeko. Kontuak kontu, Breoganek ia behin betiko ihes egin die Valdeolmillosenei.