GARA
DONOSTIA

Iñaki Garmendia «Laja» trikitilaria hil da, 74 urte zituela

Atzo eguerdian hil zen Iñaki Garmendia «Laja» trikitilari ezaguna. «Maxixatzen» tokiko agerkariak azaldu duenez, joan den igandean Aristerrazun ondoezik sentitu zen eta astebete zeraman ospitalean. Txikitatik hasi zen soinua jotzen eta 60 urte eman ditu plazaz plaza.

Azken astea ospitalean egin ondoren atzo eguerdian hil zen Iñaki Garmendia Laja trikitilari ezaguna, 74 urte zituela. “Maxixatzen” tokiko aldizkariak azaldu duenez, pasa den astean Aristerrazun ondoezik sentitu zen eta ospitalera eraman zuten. Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzailearekin batera “Laja eta Landakanda” trikitilari bikote ospetsua osatu zuen. Laja baserria zuen jaiotetxea eta handik hartu zuen izen artistikoa.

Iazko ekainean Lajari omenaldi beroa egin zioten Aristerrazun egin zen denboraldiko azken erromerian. Antolatzaileek hainbat urtetan zehar Lajak egindako ibilbideari aitortza egitea erabaki zuten. Guztira 60 urte baino gehiago eman baitzituen trikitia jotzen, eta urte horietan maiz aritu zen Aristerrazuko plazan. Omenaldian bere irudia zuen oroigarria hartu zuen eta ondoren kontzertua jo zuen, Larrañagarekin bikote osatuz.

Izan ere, erreferentziako trikitilaria izan da Azkoitian, eta horren adibide da andramaixetako txupinazoa bota zuela 2016an, Landakandarekin batera.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2016an “Laja, trikitixaren zubia” disko-liburua kaleratu zuen, haren biografiarekin, Joxemari Iriondok idatzia. Honek bere bizitzari errepasoa egitea erabaki zuen trikitilaria erretiratzera zihoala jakin zuenean. Liburuan aipatzen da musikariaren jatorria zein den, aitona bertsolaria eta aita bertsozale eta trikitilaria izan baitzituen, beraz, plazetan agertzeko ausardia etxean hartu zuen.

Garmendia hiru seme-alabaren aita zen. Jose Luis semeak aitaren bidea aspaldi hartu zuen, hark bere aitarena bezala, eta plazaz plaza jarraituko du haren doinuak gogora ekartzen.