GARA
DONOSTIA

2018. urteko jazoera garrantzitsuei errepasoa egiten dio «Jakin» aldizkariaren 229. aleak

Pasa den urtean kultura arloan garrantzitsuak izan diren mugarriak gogoratu eta aztertu dituzte «Jakin» aldizkarian parte hartu dutenek, hitzez zein marrazkiz. Bertan ageri dira, adibidez, euskal literaturak eman dituen lan esanguratsuenak, film arrakastatsu zein deigarrienak edota arte plastikoetan eta bertsolaritzan eman diren pausoak.

2018ak eman duenari erreparatuz osatu du “Jakin” aldizkariak bere 229. zenbakia. Horren baitan, Sustrai Colinak eta Izaro Ieregik egin dituzte testu nagusiak, kulturari begirada antropologikoa eginez lehenak eta gorputza errealitate soziala islatzeko tresna giza ikusirik bigarrenak.

Bestalde, Nora Alberbide euskal eta frantziar kulturaren arteko talken eta zapalketen inguruan aritu da bere artikuluan, euskal kulturak jasotzen duen gutxiespena salatzeko. Alberto Barandiaranek, berriz, urtean zehar irakurritako liburuetara jo du bere testua osatzeko, baina urtean garrantzia izan duten hainbat fenomeno ere aipatu ditu, hala nola Koldo Almandozen “Oreina” filma edo Euskaraldia.

Maite Berriozabalek bere bertso-jartzaile esperientziatik egin dio urteari errepasoa. Bereziki aberasgarri egin zaizkio UEUko udako ikastaroetan bertsolaritza genero ikuspegitik landuz emandako eskolak.

Arte plastikoei dagokienez, Bilboko Arte Ederren Museoko Miguel Zugaza izan dute kolaboratzaile, zeinek “ABC. Bilboko museoaren alfabetoa” erakusketa izan duen ardatz. Zinema arloan Ines Arrue Unanue kazetari espezializatua aritu da. Honek Euskadiko Filmategia eta Kimuak egitasmoa izan ditu erreferentzia bere testua egiteko.

Oier Guillan aktore eta idazleak antzerkiaren gaia hartu du bere gain, eta Peru Iparragirre idazleak literaturakoa. Biek ala biek balantzea egin dute egokitu zaien gaien inguruan. Berri Txarrak taldearen agurra eta MTVren kontzertuak izan dira Gorka Erostarbek musikaren atalean azpimarratu dituen gaiak. Azkenik, Garazi Arrula Ruizek autoitzulpenaren aukerak eta mugak aztertzeko Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” liburua aztertu du.

Aldizkariko ilustrazioak Txakur Gorria kolektiboak, Adurrek, Axpik, Dani Fanok, Diego Pallesek, Eider Eibarrek eta Paula Estevezek egin dituzte, horietan ere begirada atzera botaz.