GARA
BILBO

Lau atxilotu Gasteizen, sexu esplotazio eta pertsonen trafikoagatik

Polizia espainolak lau lagun atxilotu zituen atzo, Gasteizen, sexu esplotaziorako gizakien salerosketaren aurkako operazio batean. Polizia iturriek jakinarazitakoaren arabera, atxilotutakoek klub bat kudeatzen zuten.

Prostituzio koaktiboari buruzko delitua leporatzen diete atxilotuei. Ikerketan, gizakien salerosketaren bi biktima identifikatu dituztela adierazi dute. Informazio iturrien arabera, web orri ezberdin bidez sexu zerbitzuak eskaintzen zituzten 24 orduz klub batean.

Biktimek adierazi zuten asteko zazpi egunetan prostituitzera behartuta zeudela, eta egunean zehar klubetik irteteko denbora labur bat baino ez zietela ematen, baldin eta une horretan bezerorik ez bazegoen eta betiere klubean emakumezkoak geratzen baziren hel zitezkeen zerbitzuen eskaerei aurre egiteko.

«Irabazi handiak»

Polizia iturriek nabarmendu zutenez, atxilotutakoek irabazi handiak lortzen zituzten klubarekin, eta emakumeak «prostituitzera behartzen zituzten haien premia eta zaurgarritasun egoera larriaz» baliatuz.

Operazioa EAEko Polizia espainoleko Buruzagitza Nagusiaren menpe dagoen Atzerritartasun eta Mugen Brigada Probintzialak burutu zuen.