EKONOMIA ZIRKULARRA ETORKIZUNERA KIRIBILTZEN
Sortu-erabili-bota eredutik ekonomia zirkularreranzko aldaketa bultzatzen ari da Europa, eta Euskal Herrian eredu jasangarriago bat dakarren gurpilera batzeko neurriak hartzen ari dira, Lurraren baliabide eskasiari erantzun urgente bat emateko asmoz.

Erromako Klubak 1972an iragarri zuen: «Ezerk ezin du mugagabe hazi baliabide mugatu batean». Nazioarteko ekonomiak, baina, kapitalismoaren logikari jarraiki, lehengaiak mugagabeki ustiatzera jo du eta, aldaketa drastikorik ezean, egungo ekonomia eredua kolapsora kondenatuta egon daiteke. «Industrializazioak, kutsadurak, jangaien ekoizpenak eta baliabideen ustiapenak egungo nazioarteko populazioaren hazkunde joerak mantentzen badituzte, planeta honek bere hazkundearen mugak datozen ehun urteetan gaindituko ditu. Emaitza probableena jaitsiera bat-bateko eta kontrolaezin bat izango litzateke, nola biztanleriarena, hala industriaren ahalmenarena», aurresan zuen Erromako Klubak “Hazkundearen Mugak” lanean.
Munduko biztanleriak biderkatzeko duen joeran atzeman daiteke etengabeko hazkundea: 1650ean munduko biztanleria 500 milioi pertsonakoa zen, 1979an 3.600ekoa eta 2017an 7.350ekoa. Halaber, populazioa hazteak berarekin ekarri du Lurreko baliabideak murriztea, eta WWF Naturarentzako Mundu Funtsak 2016an ohartarazi zuen urtero Lurrak birsortu ditzakeen baliabideak baino %20 gehiago kontsumitzen ditugula. Horrela, joera honek jarraituko balu, 2050. urtean 2,5 planeta beharko genituzke guztiok hornitzeko.
1972an bertan, Europar Batzordeko presidente zen Sicco Mansholtek esan zuen hazkunde ekonomikoa eten beharra zegoela, hazkunde negatiboa behar zela, eta 1992ko Rio de Janeiroko gailurrean agertu zen lehen aldiz «garapen jasangarria» kontzeptua, neoliberalek sortutako adiera erreformista.
Orain, baina, modan dauden kontzeptuak bestelakoak dira: “ekonomia lineala” “kapitalismoa”-ren ordez, eta “ekonomia zirkularra” “garapen jasangarria”-ren partez.
Egun indarrean dagoen eredua ekonomia lineala da, Lurraren baliabideen mugei muzin egin eta hazkundearen izenean neurriz gain esplotatzen duena. Finean, sortu-erabili-bota logikari jarraitzen dio ekonomia linealak: baliabide ez berriztagarriak erabiltzen ditu, produktu berrien salmenta lehenesten du eta ez da Lurraren ahitzeak ekartzen dituen egoera berrietara egokitzeko gai. Diru-irabazien izenean suntsitu egiten du eta horrek, noski, ondorio lazgarriak eragiten ditu. EAEn, 3,5 milioi tona inguru hondakin sortzen dira urtero, eta horietatik %43 probetxurik atera gabe botatzen dira. Halaber, EAEko industriak lehengai inportatuekiko duen dependentzia %77koa da.
Ekonomia ereduaren aldaketa –edo «trantsizioa», ekonomia zirkularraren bultzatzaileek dioten gisara–, beraz, erlojuaren kontrako lasterketa da, ez baitago ordezko mundurik. Eta dena dago egiteko oraino.
Bide luzea egiteko
Ekonomia zirkularraren ideia 60ko hamarkadako ekologismotik sortu eta hurrengo hamarkadetan gorpuztu zen, eta egun, Europar Batzordea ere ekonomia zirkularrerako trantsizioaren aldeko jarrera erakusten ari da, esanez 2030erako 1,8 bilioi euroko irabaziak lortuko dituela Europar Batasunean, 600.000 milioi euroko aurrezpena lehengaietan eta 580.000 lanpostu berriren sorrera. Are, diotenez, lurzoru europarraren degradazioa %80 gutxituko litzateke 2050ean, karbono dioxido emisioen erdiak ekidingo lirateke 2030ean eta, Ellen MacArthur Fundazioaren arabera, 2030ean Europako BPGa %11 haztea eragin ahalko luke.
Hori guztia posible egin eta ekonomia linealetik zirkularrerako trantsizioa abiatzeko, Europar Batzordeak 6.000 milioi euroko poltsa onartu zuen iaz. Pavel Misiga Europar Batzordeko Ekoberrikuntza Unitateko buruak iragan asteazkenean Donostian egin zen Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko Topaketan argitu zuenez, 2025era bitarte gutxi-asko 320 bilioi bideratuko dira «ekonomia zirkularrerako trantsizioa azkartzera».
Aurreikuspenak itxaropentsuak dira, baina tamainako aldaketak berehalako esfortzuak exijitzen ditu eta ezin esan daiteke gurean trantsizioa indartsu hasi denik. EAEn, 156.500 enpresatatik 150ek aplikatzen dituzte ekonomia zirkularraren logikak eta, 900.000 enplegatuetatik 5.000k egiten dute lan modu honetara. Zehazki, estrategia zirkularrak txertatzen ari diren industria-sektoreak automobilgintza, garraioa, gailu elektriko eta elektronikoak, makina-erreminta, metala, kimikoa, altzairugintza eta eraikuntza dira.
Bestalde, materialen berreskurapenen tasek ez dute trantsiziorako abiapunturik egokiena aurkezten: Europar Batasunean, 2016an, ekoitzitako material guztiaren %11,7 berreskuratu zen eta berriro ere ekonomia-ziklora txertatu, erabilera bereko edo desberdineko beste produktu bat sortu eta ostera ere kontsumitzeko. Estatu espainiarrean, berriz, %8,2 eta frantsesean, 19,5. Estatu espainiarraren kasuan, 2010ean zifra %10,4koa izan zenez, azken urteetan jaitsi egin da birziklatu eta berreskuratu den material kopurua.
«Jakitun gara asko dagoela egiteko eta denbora gutxi daukagula», adierazi zuen Ion Olaeta Berreskuratzearen eta Birziklapenaren Espainiako Federazioko (FER) presidenteak. «Baina gizartearen eta administrazio publikoen laguntzarekin lortuko dugu».
Alta, trantsizio hasiberria izanagatik ere, emaitzak agertu dira gutxika: 2016an, EAEko enpresek 2.800 milioi euro fakturatu zituzten «produktu berdeetan», hots, ekonomia zirkularraren irizpideak txertatzen dituztenetan.
“Ekonomia Zirkularra Euskadiko Industrian” diagnostikoaren arabera, EAEko sektore industrialeko enpresetan ekonomia zirkularra martxan jartzeak %6 murriztuko luke lehengaien kontsumoa eta 2.000 milioi euro aurreztuko lirateke.
Hala ere, zirkulartasunaren irizpideak txertatzeak ez du halabeharrez esan nahi enpresak modu zirkularrean funtzionatzen duenik. Ford, Renault, Zara, Danone eta halako multinazionalek neurri «berde» puntualak hartzen dituzte, eredu linealari bururen buru jarraitzen dioten bitartean. Danonek, kasurako, deforestazioaren aurkako kanpaina bat abiatu zuen, baina iragan urtean Greenpeace GKEak palma-olioa eskuratzeko deforestazioarekin zerikusia duten 25 enpresen zerrendan sartu zuen.
Diseinatu, kontsumitu, birziklatu
Eko-diseinua aplikatuz ekoitzi, banatu, kontsumitu, berrerabili eta birziklatu. Horratx ekonomia zirkularraren etenik gabeko gurpila, «zero hondakinen» langa atzitu asmo duena eta naturaren beraren funtzionamendua duena ardatz.
Nahiz eta sarritan ekonomia zirkularra hondakinen kudeaketarekin lotzen den, harago doa: ekoitzi behar den produktuaren diseinutik hasten da, produktuak baliagarri izateari uzten dionean ahalik eta birziklagarriena izan dadin eta berriro ere ekonomiaren zikloan integratu dadin; horrela, birziklapena eta hondakinen balorizazioa prozesuaren azkenengo faseak lirateke. «Ingurumen-inpaktuaren %80 produktuaren diseinuaren fasean zehazten da», baietsi zuen Emmanuel Katrakis Birziklapen Industrien Europar Konfederazioko (EuRIC, ingelesezko sigletan) idazkariak Donostiako topaketan.
Ez hori bakarrik, arrapaladan datorren klima-aldaketari balaztak jarriko lizkioke. Adibide bat eman zuen Emmanuel Katrakisek: milioi bat tona plastiko birziklatzeak errepidetik milioi bat auto ateratzearen pareko inpaktua izango luke.
Nafarroa aitzindaria da zentzu horretan, iragan urtean onartu zuen Hondakinen Legeari esker. Prebentzioa lehenetsiz, erabilera bakarreko plastikoen aurkako borroka abiatu zuen, Europar Batzordeak plastikoa murrizteko ebatzitako zuzentarauari jarraiki eta, beste neurri batzuen artean, 2025ean ur-botilen %90 birziklatzea espero du Gobernuak.
Aldaketa sakona izanagatik ere, eredu zirkularrak ez luke ekarriko egungo eredu ekonomikoaren hausturarik eta kapitalismoaren baitan garatuko litzateke. Ikusteko dago, beraz, nola egingo dion aurre zirkulartasunak kapitalismoak berezko dituen gorabeherei eta diru-interes muturluzeei.
EREDU linealaren Arriskuak enpresetan
Today Circle Economy, PGGM, KPMG, WBCSD eta EBRD konpainiek ondutako Linear Risks txostenaren arabera, ekonomia eredu lineala mantentzeak eragin negatiboa izango luke enpresen biziraupenean. Baliabide urriak eta ez berriztagarriak erabiltzea, produktu berrien salmenta lehenestea, enpresen arteko elkarlana albo uztea eta berrizteko edo egokitzeko gaitasunik eza dira zerrendatzen dituen «arriskuak». Maddi TXINTXURRETA

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
