Andres Osa «Sakona»
KOLABORAZIOA

Lopategi motxila gainezka duela joan da

Joan zaigu Jon Lopategi. Pertsona koherentea izan da. Harropuzkeriak, “ni, nik nikeriak”, alboratu norberaren nortasuna sendotzeko eta lagun hurkoarentzat legamia suspertzailea izateko. Jonentzat horrela pentsatzea eta jokatzea zen helburua. Intsentsua norberak norberari bota ordez, besteei ematea. Gauza hauetaz sarritan mintzatzen ginen.

Jon bertso kantari ezagutu genuen Azpillagarekin uztartuta, Oñatiko Kanonigoen komentuan. Biak bertsolaritza Euskal Herriko herri eta txoko guztietara eraman zutenak izan dira; garai konplikatuetan, gainera.

Urteak joan-etorrian, txapelketak tarteko, Jonek zeregin handia izan zuen. Txapelak jantzi eta plazarik plaza gozatu berak eta entzuleak. Bertso eskolak, han-hemenka, baina Seaska Gernikako Kanpantxun, Unibertsitate bihurtu zuen.

Garaia iritsi zen, ikastoletan eta ikastetxeetan arduradun bat jarri behar zela bertsolaritza lantzeko. Azpitik zetorren gogoa bideratzeko, zer egin? Pertsona egokia aurkitu behar. Horretaz Jonekin berba egiten genuen, pertsona egokia bera izan zitekeela. Bertsolari ospetsua, lanean amorratua, pedagogia naturala soberan. Kanpantxun eta beste tokietan, Seber Altuben klaseak ematen. Hitz batez, pertsona aproposa horretarako.

Horrela, Euskal Herriko Txapelketa batean, Gernikan, Santanapen egin zen saioan, zortzikotean Lopategi agertzen zen. Informatze lanak egiteko eta saioa patxadan jarraitzeko goiko solairuan ginen. Une batean, Pedro Migel Etxenike etorri zitzaidan albora, Jaurlaritzan Hezkuntza arloko sailburua. Bat-batean galdetu zidan, «aizu Osa, eskoletan bertsolaritza emateko nor izan liteke pertsona egokia?». «Kontxo ba, oraintxe bertan bertsoa bukatu duena, Lopategi. Egokia litzateke». «Nor? Lopategi?». «Ez izan zalantzarik». «Baina horrek koloreren bat izango du?». «Bai, beltza deitzen diote». «Ez, ez beste kolorea klasea». «Pedro Miel, garbi diotsut, hori baino egokiagorik ez duzu aurkituko. Ez zaitu engainatuko, egin kasu, ez zara damutuko».

Egun batzuetara, izendapena heldu zitzaigun. Jon Lopategi Bizkaiko Ikastoletako arduraduna! Sekulako ilusioarekin hartu zuen kargua. Gauzak errazteko Magisteritzako titulua ateratzea egokia litzatekeela pentsatu genuen. Tramiteak egin eta ikastoletan klaseak eman eta titulua ere atera zuen. Ikastola eta eskola publiko bakar batzuetan ere bai, sekulako giroa, zaletasuna eta mugimendua sortu zuen. Denen ahotan alabantzak besterik ez.

Urte bat edo zerbait gehiago pasatu eta Araba Euskaraz jaialdia Amurrion ospatu zen. Han ginen informazio lanetan. Hor etortzen zait Hezkuntza sailburu Etxenike jauna: «Aizu Osa, zorionak eta mila esker, ez nauzu engainatu, emandako hitza bete duzu». Antzeman nion zertan ari zen. «Eskerrik asko, baina berbako gizona Lopategi da, hari eman eskerrak, zure oniritzia gustukoa izango baitu». Etxenike jaunak beste egun baterako bazkari eder batera gonbidatuak izan ginen.

Jon Lopategi joan zaigu. Alde batera zein bestera etengabe bidaiak eta klaseak ematea zuen jarduera nagusia. Amaiera gabeko ordutegia. Inoiz kexa arrastorik ez. Beti umoretsu. Jon, bizitzako motxila ongi kargatuta eraman dok. Baina hire lanaren emaitzak hemen gure artean zeudek. Gelditzen garenok bizi izango diagu, gerokoak beharbada hire historiala irakurtzearekin aski izango da. Lanaren zertifikatuak baliozkotuta, motxila gainezka, eraman dituk. Konpartitu Amaiarekin, Azpillaga, Xalbador bere idoloa hi hitzan, eta beste guztiekin. Guk noizbehinka egiten genuen bazkaria eta zintzilik gelditu dena Luisto, Anton Mari, Natxi eta laurok jarraituko diagu, hire konpainia gugan izango dugularik.