Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Oñatin banatuko dira finaleko azken txartelak

Igandean jokatuko da 12.00etan Oñatin gizonezkoen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariaren finalaurreko jardunaldia. Parte hartzaileak Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuek osatutako bikotea eta Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Jon Rekondok osatzen dutena izango dira. Irabazleak martxoaren 2an 17.30ean jokatuko du finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Atutxa-Alberdi eta Larrañaga-Otañoren kontra.

Bestalde, emakumeek Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako azken jardunaldia jokatuko dute: Maika Ariztegi Nerea Sorondoren aurka. Irabazleak Azpeitian Irati Astondoa eta Itxaso Onsalo izango ditu aurkari.

Harri-jasotzen, Xabier Aranburu Guzta arituko da Viña Laguardia Sarian finalerako tartea egin nahian. Momentuz, Jon Unanue Goenatxo III.ak 2.925 kilo jasota ditu, Aimar Galarragak, 2.625, eta Imanol Illarramendi Kortaberrik, 2.600.

Bestalde, bihar 17.00etan Berrizen dute zita sokatirazaleek. Gizonezkoek 600 kiloan bigarren jardunaldia jokatuko dute: Gaztedi, Ibarra, Antsoain, Berriozar, Murueta, Ñapurrak eta Beti Gazte neurtuko dira. Emakumezkoak 500 kiloan hasiko dira: hiru jardunaldi izango dituzte eta lehiakideak Gaztedi, Ibarra, Antsoain, Badaiotz, Txantrea eta Beti-Gazte dira.

Probak

Ispasterren zaldi probak jokatzen ari dira eta gaur, 21.00etan, Etxeberri, Juan Uriarte eta Aurrekoetxea anaien abereak plazaratuko dira. Bihar 21.00etan Kocco dendaren, Adorrixa anaien eta Erauzkinen abereak arituko dira. Igandean, 18.00etan, Nabarniz jatetxearen, Goieta tabernaren eta Jabier Peñaren zaldiak. Astelehenean, azken eguna 19.00etan hasita.

Abadiñoko emaitzei dagokienez, guztira 25 uztarrik parte hartu dute eta gazte mailan Iñaki Olidenen idi pareak egin zuen marka onena: 53 untze, 1/4 eta 1,80 metro. Nagusietan, Elorrieta izan da mantak jaso dituena 56 plaza eginez. Bigarren Motxo 55-1/2-4,24 m eta hirugarren Ipiñarrieta 55 untze, 1/4 eta 4,24.