Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Antzarak ferratzera!

A zer politak diren mimosak loretan hasten direnean! Eta zein ikusgarria den askatzen duten hauts moduko hauts horixka hori haizeak oheraino ekartzen dizunean! Eta zer esan garai honetan satorren lan eskergagatik han-hemenka altxatzen diren sator-lurrak… are gehiago lurrok mimosen hautsak estalita ageri direnean! Zoragarria egiten zait irudi hori etxe bueltan usainka narrasean nagoela, non eta nik soropila erein baina lurrak bere kabuz belarra ematea erabaki zuen berdegunean. Eta txiribitena, e? Goitik pinpilinpauxa eta behetik barraskiloa duela? Hori bai gozamena!

Egia esan, ez nekien nondik abiatu gaurko zutabe horizontala. Mon Dieu, Murgoitio! Oso gutxitan gertatu zaio aurreko teklatuari burua hutsik izatea, eta mimosen hautsak hartuta egotea ere. Baina halaxe izan da aste honetan, beti bezala prentsako paperak, zuri-beltzean, aurrera eta atzera leitzen ibili arren, ilustratu gurarik. Baina nire harria zorrozteko moduko berririk ez! Aspergarria gero astea! Anoeta futbol zelaian partida egunetan harmailetako pipitak batzen hasiak direla leitu dut bazter batean, gero konpostatzeko... Eta hemendik abiatzea pentsatu dut baina oso gai sentibera delakoan uztea erabaki dut…

Halere, zerbait ikusi dut hango aurrekontuez… Nonbait batzuek ez dute oraindik ikasi aurrekontu kontuetan badirela kontuak, aurrekontuen aurretik; bestela, azkenean zer gertatu eta aurrekontuak atzera eta atzekontuak aurrera! Politika 4.0. Epaituak izan dira kontuak eta horra epaia. Horren aldean sikiera Lakuako Gobernuak iniziatiba sena erakutsi du behingoz, politika beste modura ulertuta: Renove plana. Politika modu zaharkituak, eta emisio handiko irakurketa bakarreko gobernu-autoak eraberritzera deitu du! Harrapa ezan/k! Eta mimosak, zer? Hauteskundean ikusiko!

Bitartean, akusatuen aulkitik salatu egiten ditut akusatzaileak! Doazela antzarak ferratzera!