GARA
GASTEIZ

Herritarrek autogobernuari buruzko ekarpenak egin ahalko dituzte

Autogobernu Ponentzian onartutako oinarriari ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek, horretarako propio sortu den tresnarekin. Autogobernua.eus webgunea baliatuz edota telefonoz nahiz posta arruntez egin daitezke ekarpenak. Alderdi politikoei eta testu artikulatua idazten ari diren adituei helaraziko zaizkie proposamenak.

Hain zuzen ere, atzo aurkeztu zituen Gasteizko Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Autogobernu Ponentziari ekarpenak egiteko bideak. Bakartxo Tejeria presidenteak eta Jone Berriozabal ponentziako buruak aurkeztu zuten autogobernua.eus webgunea. Internet bidez ez ezik, telefonoz (945 00 42 53) eta posta arruntez ere parte har dezakete herritarrek.

Jasotako ekarpenak talde parlamentarioei helaraziko zaizkie zuzenean, baita testu artikulatua lantzeko ardura hartu duten adituei ere. Bakartxo Tejeriak iragarri zuenez, Legebiltzarraren gehiengoak EH Bilduren eta EAJren botoekin onartu zuen testuaz gain Podemos, PSE eta PPren boz partikularrei ere egin ahal zaizkio ekarpenak.

Erakutsiko dira

Atzoko agerraldian adierazi zutenez, ekarpenen eremua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei mugatzeko neurririk ez dute hartu; beraz, Euskal Herri osotik eta kanpotik ere egin ahalko zaizkio ekarpenak. Ezarri duten muga bakarra gaiari lotzea eta deskalifikazio eta biraorik ez izatea direla aurreratu du Tejeriak. Ekarpen denak publikoki erakutsiko dituzte webgunean, izan ere, parte hartzea garrantzitsua dela nabarmendu zuten politikariek. Bakartxo Tejeriak adierazi zuenez, testuak aztertuko dira, baina sekula ez «eztabaida bahitzeko».