24/02/2019

Crónica
XXI. MENDEKO BASOGINTZAREN ERRONKAK
BIOEKONOMIAREN ERRENTAGARRITASUNA, EZBAIAN BASOGINTZA INTENTSIBOAREKIN

TENTSIOA, HARRIDURA AURPEGIAK ETA GALDERA ERRETORIKOAK NAGUSITU ZIREN EGUNGO BASO POLITIKAREN INGURUKO EZTABAIDAN. INGURUGIROA ERRESPETATUKO DUEN BASOGINTZA HELBURU, MODERNIZAZIOA BEHARREZKOA DELAKOAN DAUDE BATZUK, ERRENTAGARRITASUNA EGURRETIK HARAGO LORTU BEHAR DELA; Baskegurrentzat, BERRIZ, EGURRA DA BIOEKONOMIAREN LEHENGAI FUNTSEZKOENA.

Ane URKIRI ANSOLA
0224_eko_basopolitika

«Gipuzkoan ez dago basorik», nabarmendu zuen Aitziber Sarobe Egiguren biologoak. Naturkon elkarteko bozeramaile gisa aritu zen Alkartasuna Fundazioak Villabonako Subijana Etxean antolatu zuen mahai-inguruan, non egungo baso politika eta pinudien egoera aztertu ziren, alternatibak bilatze aldera. Ñabardura horretan, nahigabe bada ere, ados agertu zen Josu Azpitarte Baskegurreko gerentea. «100 urte atzera egiten badugu, Gipuzkoan edo Kantauri isurialdean ez zegoen zuhaitzik, azaleraren %20 ziren. 1985ean pinudiak lursailak ziren», zehaztu zuen. Hala, harro agertu zen egun lurzoruaren erdia baino gehiago (%55) basoa delako.

Eztabaida beroa izan zen Villabonakoa. Baskegurreko bi ordezkariek nekez defendatu zuten gaur egungo baso politika, Roke Akizu –baso ingeniaria eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Habitat Naturaleko zuzendari ohia–, Itziar Barinaga-Rementeria –EHUko Finantza Ekonomiako irakaslea– eta Aitziber Sarobe biologoaren aurrean.

«Basoari errentagarritasuna bilatu behar zaio». Adierazpide horrekin bat egin zuten guztiek, baina zer-nolako errentagarritasuna? Saroberen esanetan lur emankorrak galdu egiten dira egurra sartzeko kaltetzen baditugu, eta Baskegurreko gerenteak galdetu zuen ea nola sor daitekeen ilusioa lurjabeetan, «nola lor daiteke errentagarritasuna aurretik egin behar dituzten finantzaketa guztiekin?».

Basogintzaren sektoreak Hego Euskal Herrian 24.000 lanpostu sortzen dituela nabarmendu zuten Baskegurreko ordezkariek, EAEn 1.400 enpresa bizi direla sektoretik eta hornitzen den egur guztiaren %84 intsinis pinutik eratorritakoa dela. Beraz, jende askoren etorkizuna bertan dela azpimarratu zuten; Barinaga-Rementeriak, ordea, datua zalantzan jarri ez ezik, basogintza intentsiboaren alde positiboak nork jasotzen dituen eta negatiboak nork jasaten dituen ere galdetu zien.

Ekonomia irakasleak “Mutrikuko landa eremuaren ebaluazio integratua” txostenean parte hartu zuen. Mutrikuko kasua Kantauri isurialdeko gainontzeko herrien adibide gisa aukeratu zen, besteak beste, hirigintzak sortutako presioa aztertuz. «Nekazaritza desagertzen ari da, azken 50 urteetan erabilitako larre asko basoak dira egun. Beste sektoreetan lanean ari direnentzat da hori errentagarria», zehaztu zuen nafarrak.

«Aukerarik txarrena egungo baso politikarekin jarraitzea dela ondorioztatu genuen, eta bi alternatiba adierazi genituen: kalitatezko nekazaritzara zuzentzen den proiektua eta bertako basoa sustatzea». Horrekin, baina, zenbait sektore haserretu zirela aitortu zuen, nahiz eta herritarrekin egindako inkestaren emaitza argia izan: gehienak bertako basoak sustatzearen alde agertu ziren.

Prozesu naturalak sustatu

Bertako basoen aldeko apustuari tinko eutsi zioten Sarobek, Barinaga-Rementeria eta Akizuk, oraingo baso politika hain kaltegarria ez dela deritzotenen aurrean. Roke Akizu baso ingeniariak, esaterako, prozesu naturaletik harreman zuzenagoa duen baso kudeaketa (Prosilva) atera zuen agertokira. Etekina naturak ematen duenetik ateratzea, alajaina. «Hazkunde geldokoak ere errentagarriak izan daitezke», iritzi zuen.

«Ez da bideragarria lehengai berriztagarriez hitz egitea gure denbora eskalan», argitu zuen Sarobek, zeinak argudiatu zuen ezin dela etekinik atera guztion eskubideen kaltetan. Baskegurreko ordezkariak bioekonomiarekin tematuta zeudela ikusita –egurrezko etxeak, ur botilak, kimika berdearen garapena...–, biologoak tinko erantzun zien: «Bioekonomia astakeria izan daiteke, begira Amazoniako kasua». Horri aurre eginez, eraikuntzak negutegi efektuko gasen %33 sortzen dituela gogoratu zuen Oskar Azkaratek, Baskegurreko zuzendariak.

Erasoak joan-etorrian ibili ziren Subijana Etxeko hitzorduan. Segituan zehaztu ziren bi jarrera erabat kontrajarri. Baskegurrekoen iritziz, adibidez, kudeatu gabeko basoa, baso «abandonatua» da. «Abandonatua, norentzako? Egurgintzarako? –galdetu zuen Sarobek–. Baso naturalak beharrezkoak dira basoen osasuna berreskuratzeko».

Egurgintzara bideratzen den egurraren gehiengoa intsinis pinuarena izaki, Akizuk proposatu zuen «beste espeziekin ere probatzea, sektorea aberasteko». Beste aukera bat ere aipatu zuen: etekin guztiak egurrera bideratu beharrean, «ekosistemaren zerbitzuei balioa ematea laguntzak jasotzerako garaian».

«Hostozabaleko basoek orbela botatzen dute eta horrekin lurra sendotzen da. Basogintza intentsiboarekin, berriz, matarrasa kasu, lurra izorratzen ari gara denbora gutxian», jarraitu zuen Sarobek. Akizuk, aldiz, honako kexa hau jarri zuen mahai gainean: «lugorrian den azalera galdetzean ere, isiltasuna da nagusi».

Fumigazioa, kezka iturri

Urteetan pinuak diru asko eman duen jakitun dira bestelako politikak indarrean jartzea eskatzen dutenak, hori ez dute ukatzen. «Urre berdea» ere deitu izan zaio. Baina Akizuk azaleratu zuen azken urteetan, baita gaitza garatu aurretik ere, pinu landatzea gainbeheran zela. Alboko taulan ikus daitekeen moduan, 2005etik 2018ra bitartean %14 egin zuen behera.

Iazko udatik guztion ahotan den banda marroia onddoak eragin duen gaixotasunaren auzia azkar batean pasa bazuten ere, horrekin zuzenki lotutako fumigazioa bai izan zuten aztergai. Pinudiak oxido kuprosoarekin fumigatzeko erabakia hartu du jada Lakuak –Madrilen baimenaren zain daude–. Baskegurreko ordezkariek ziurtatu zutenez, oso dosi txikietan egiteko asmoa dago, «agroekologian erabiltzen dena baino lau aldiz txikiagoa». Airez egiteko intentzioa dagoen arren, ingurugiroa babestuko dutela nabarmendu nahi izan zuten.

Horrek ez zuen publikoaren gehiengoa konbentzitu –30 ikusle inguru bildu ziren–, ezta gainontzeko hiru hizlariak ere. Ikusle batek, zehazki, dosi txikiak datozen 35 urteetan urtean hiru aldiz erabiliko direla ohartarazi zuen, eta horren eragina «gizarte osoak» pairatuko zuela salatu zuen. Bide beretik, basogintza intentsiboa kritikatze aldera, matarrasa eta monokultiboaren auzia jarri zuen mahai gainean Sarobek. Baskegurreko ordezkarien erantzuna argia izan zen: nahiz eta beraiek iraunkortasun ziurtagiriak dituzten, «lur pribatuetan bakoitzak nahi duena egiten du».

«Balioa eman behar zaie basoei, eta nork ematen die?», galdetu zuen Azpitartek, Baskegurreko gerenteak. Baso ustiapenarekin adostasun puntu bat lortu zen, guztientzat baita funtsezkoa. Baina ingurumen kalteak kontuan hartzea eskatzen dute talde ekologistek: «krisi ekologiko globalean gaude eta lurra errentan daukagu».

Jasangarritasunarekin estuki lotuta lan egiten dutela adierazi zuten Baskegurreko ordezkariek, baina ez zuten erabat baztertu arraseko mozketa, ezta monokultiboa ere, lehenak lurjausiak eragiten dituen arren eta bigarrena sua garatzeko primerako laguntzailea den arren. Xabier Mitxelena Ibarrako medikuak beste auzi garrantzitsu bat jarri zuen mahai gainean: osasuna. Ekosistema aberats bat osasunarentzako bikaina dela azaldu zuen, eta, aldiz, fumigaziok gizartean eta osasunean kalteak eragingo dituela, «Bizkaiko Mediku Zientzien Akademiak berretsi duen legez». «Orain medikuak ere sartu behar dira al dira basogintzan?», defendatzen saiatu zen Baskegur. Ekologistek egurgintzan muturra sartu nahi ez dutela nabarmendu behar izan zuen Sarobek, «baina bai honek ingurumenean duen eraginean».