Gotzon ARANBURU
BERTSOLARITZAREN BILAKAERA SOZIOLOGIKOA AZTERGAI

BERTSOLARITZA INDARTSU DAGO, BAINA BADAUKA ZERTAN HOBETU

Bertsolaritzak bigarren boom-a bizi duela, baina hainbat desafiori erantzun beharrean dagoela. Bertsolaritza bakarra ez dagoela dagoeneko, bertsolaritzak baizik, pluralean. Entzuleak plazera bilatzen duela bertsoan, nolabaiteko asetasuna, baina ez halabeharrez barrea. Horra, bertsolaritzaren historian egin den hirugarren azterketa soziologikoaren emaitza nabarmenetako batzuk.

Loading player...

Siadecok egin zuen bertsolaritzaren lehenengo azterketa soziologikoa, 1991-1993 urte tartean. Bigarrena hamalau urte geroago egin zuten Xabier Aierdik, Juan Aldazek, Eider Alkortak, Alfredo Retortillok eta Harkaitz Zubirik. Eta oraingo hau, 2015-2018 urte tartean burutua, Aierdi, Retortillo eta Zubiriren ardura izan da. Lan itzela izan da, azken bi azterketa hauetan bakarrik 3.663 galdetegi pasa baitituzte (1.500 Txapelketa Nagusian, 944 plazaz plaza, eta 1.219 euskal hiztunei), baita 32 elkarrizketa sakon ere. Gainera, Xenpelar Dokumentazio Zentroko zenbait datu aztertu dituzte ikertzaileok.

Harkaitz Zubiri irakaslea da, EHUren Donostiako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Bere bulegoan hartu gaitu, azterketa soziologiko honek eman dituen emaitzak luze eta zabal azaltzeko. Hasteko eta behin, bai, bertsolaritza osasuntsu dagoela ondorioztatzen da ikerketatik, oso jarraitzaile kopuru esanguratsua du eta. Jakina, “asko” edo “gutxi” definitzeko orduan proportzioa izan behar da kontuan, konparaketa egin behar da. Bada bertsoa “kontsumitzen” duten euskaldunen kopurua eta antzerkia edo literatura kontsumitzen dutenena oso antzekoak dira: %17tik %21erako tartean dago. Nabarmen txikiagoa da zinema euskaraz kontsumitzen dutenen kopurua, eta nabarmen altuagoa musika euskaraz kontsumitzen dutenena, azken hau euskaldunen %69ra ailegatzen baita, Kulturaren Euskal Behatokiak egindako datu bilketaren arabera. Alegia, euskaldunon komunitatea 800.000 bat mila lagunek osatzen badugu, 100.000 inguru izango lirateke bertsozaleak, bertsozaletzat gutxienez urtean behin saio batera joaten dena hartuta. «Azpimarragarria da jarraitzaile kopurua hain handia izatea kantu inprobisatu, metrikadun eta errimadun batek. Ez da batere ohikoa antzeko adierazpen artistikoak dauzkaten beste herrialde batzuetan», diosku Harkaitzek. Sarritan aipatzen den datua da Txapelketa Nagusiko finalean 14.000 lagun biltzen direna BECen, baina hori bezain esanguratsua izan daiteke telebistatik eta Internet bidez 100.000 ikusle inguru izaten dituena finalak, saioaren momentu jakin batzuetan 200.000ra ere iritsiz. Garrantzitsua izan arren, ikusle-entzule kopuruari erreparatuta Txapelketa Nagusia ez da hain esanguratsua; adibidez, 2013ko Txapelketa Nagusiko saioetan 30.245 entzule izan ziren, baina urte osoan zehar Euskal Herrian barrena antolatu ziren saioetan 263.884 entzule izan ziren.

Hamar euskal hiztunetik sei hiriburuetan eta haien inguruan dauden eskualdeetan bizi dira. Bertso saioak ez dira proportzio berean egiten: %43 izaten dira hiriburu-eskualdeetan. Azterketaren egileen arabera, horrek ez du esan nahi beste %57 landa eremuan egiten direnik: «Landa eremuak, nola ez, arrastoak utzi dituen arren, landa eremua izan zen horren zati handi bat kaletartu egin da. Sektore ekonomikoek izan duten bilakaerak garbi erakusten du hori. 2001. urtean nekazaritzaren eta arrantzaren sektorea %3 besterik ez zen». Edozein kasutan, garbi dirudi bertsolaritzak bere tokia hartu duela inguru erabat urbanoan eta sendotasun horren adierazle izango litzateke hamar saiotik lau hiriburu-eskualdeetan izatea.

Azterketa soziologikoak datu esanguratsu asko eskaintzen ditu. Esate baterako, bertsolari kopuruari buruz. Hogeita bost urteko epean hirukoiztu egin dira bertsolariak Euskal Herrian. 1990ean 290 ziren, eta 2015ean 859. Are esanguratsuagoa da bertso saioen estatistika. 419 egin ziren 1990ean, eta 1.764ra iritsi ziren 2015ean. Begi bistako boom-a.

Datu bitxia ikusle kopuruari dagokiona da, epe jakin batean. 1995etik 2000ra jaitsiera nabarmena gertatu zen, 223.924tik 155.668raino, hain zuzen ere. Azterketa soziologikoak dioenez, «besterik ez dakienak esango luke publikoa urrundu egin zela bertsolaritzatik, baina badakigu ez zela horrela izan. Bertsolaritzaren inguruan antolatuta zeudenek propio bilatu zuten. Masifikazioa sumatzen zen hainbat jaialditan, eta funtsean, akaso, jaialdi horiek murrizteak ekarriko zuen publiko kopurua urritzea, antolatzaileek hala bilatu zutelako, gehiegizko berotze bat zegoela iritzita». 2005 ondorengo bost urteetan igoera nabarmena gertatu zen ordea, 2010ean 262.850 ikusle-entzule izatera iristeraino, eta ordutik 2015era kopuru hau berdin-berdin mantendu da.

Esperientzia kulturala

Harkaitzek garbi dauka bertsolaritza gizarte mugimendu bat dela, proiektu soziokultural partekatu bat, eta horrexek ahalbidetu duela diziplina artistiko hau bizirik eta indartsu iristea XXI. mendera. «Idaztea edo margotzea ekintza indibidualak izan daitezke, artistak bere bakardadean ekoitzi dezakeena. Baina bertsolaritza ez da igorle-hartzaile kate sinple bat, baizik eta elkarrekin bizi dugun esperientzia kulturala, gertaera sozial konplexu bat, hainbat eremutan ematen dena: bertso eskolak, bertso saioak, borondatezko lanerako espazioak… Literatura, zinema, antzerkia eta gainerako kultur adierazpideak inoiz ez dira kultur kontsumogai hutsak. Baina batzuetan, kultur sorkuntzari buruz pentsatzen dugunean, kontsumogai soila balitz bezala pentsatzen dugu hari buruz, eta horrek mugatu egiten du lor dezakeguna. Bertsolaritzaren proiektu soziokulturalak ez du hori egiten. Jendea elkartzeko guneak sortzea izan da lehentasunetako bat. Bertsolaritza ardatz duten bilgune horietan, biografiak gurutzatu egiten dira, eta horri esker kultur sorkuntzarekiko bizipenak askoz aberatsagoak dira. Zaletuko ez litzatekeen jende asko zaletzeko aukerak handitu egiten dira. Pentsa zer izango litzatekeen bertsolaritza balitz sortzaileak sortu eta kontsumitzaileak bere sofan kontsumituko lukeen zerbait».

Bertsolaritzak artikulazio sozial desberdinak bizi izan ditu. “Rockaren belaunaldia” deitu izan den horretan, bertsolaritzak ordura arteko eremu tradizionaletik (sagardotegia, landa eremua…) eremu urbanora jauzi egin zuenean, hor artikulazio berri bat sortu zen. Orduan mikrofonoaren aurrean jarri ziren bertsolari gazte haiek exotikoak gertatu ziren, bertsolaritza “neoklasiko”aren bertsolari eta jarraitzaileekin alderatuta. Baina ikusi da, denbora igaro denean, bertsolari “rockero” haiek eta haien publikoa zentralak bihurtu direla egungo bertsolaritzan. Alegia, lehengo martxan ia seguru inondik inora topo egingo ez zuten bi mundu artikulatu egin ziren eta horrek indartu egin zuen bertsolaritza: «Bi bertsolari nerabe haiek bertsozaletu zituzten ehunka donostiar gaztetxo».

Publikoa inoiz baino askotarikoagoa da, eta kanon artistikoa gero eta polifonikoagoa. Harkaitzen esanetan, hemendik aurrerako artikulazioek ere arrakasta izan dezaten, ezinbestekoa da gustuen espektro zabal horri erantzutea. Honela dio hitzez hitz Azterketa Soziologikoaren pasarte batek: «Bertsolaritzak desdefinitzen jarraitu behar luke. Inork ez luke legitimotasunik izan behar bere kanona bertsolaritzaren esentzia dela aldarrikatzeko». Musikan gertatzen den eta normaltasunez hartzen den moduan, gune eta saio amankomunak eta gune eta saio espezializatuak izan beharko lituzke bertsolaritzak.

Feminismoaren aportazioa ezinbestekotzat dauka Harkaitzek. «Bertsolaritzaren baitan badago defizit bat, eta da emakumearen posizioa ez dela berdintasunezkoa. Horrek erronka bat planteatzen dio bertsolaritzari, beste diziplina artistikoei bezalaxe. Ez da gertatzen soilik Euskal Herrian; Grammy sarietan ere bai. Kontua da bertsolaritzak badauzkala baliabideak arazo honi aurre egiteko, rockaren belaunaldiaren garaian izan zituen bezala, eta orduan emaitza izan zen bertsolaritzaren berpiztea eta gaur egun den fenomeno indartsua izateko bidean jartzea. Bada, badakigunez emakumezkoak direla gizartearen erdia, artikulazio berri hau lortzeak emaitzak biderkatu egingo lituzke. Ez da modari jarraitzeagatik, gauzek ez dutela horrela funtzionatzen baizik. Esan bezala, bertsolaritza gizarte mugimendu bat da, eta neurri horretan gizartean gertatzen diren aldaketek isla dute bertsolaritzan. Momentu honetan badago mugimendu feminista bat politikoki eraginkorra dena, gauzak ondo egiten ari dena. Bertsolaritzarekin artikulatuta, bideragarritasun eta bidezkotasun gehiago izango du bertsolaritzak», diosku Harkaitzek.