Beñat Aleman, Joanes Aleman, Garazi Autor, Amaia Etxeberria, Ibai Ripodas, Ibai Sueskun, Irati Zabalza eta Irati Zuñiga
Sortu Donibane
KOLABORAZIOA

Angel eta Antxo, Estatu indarkeriaren biktimak

Ilbeltza esaten zaio Euskal Herriko zenbait lekutan urtarrilari. Donibanen baina, esan daiteke, eta akaso hitz joko kaskar bat eginez, martxoa dugula hil beltza. 2004ko martxoaren 13an hil zuten Angel Berrueta Legaz Donibaneko auzokidea eta 2018ko martxoaren 6an agertu zen hilik, Cadizko espetxean, Donibanekoa zen Xabier Rey Urmeneta Antxo presoa. Martxoa dugu beraz, heriotzaren agerkari eta heriotza hauen zioei erreparaturik, estatuen indarkeriaren agerkari.

«Baina nola, bada, estatuaren indarkeria?», galdetuko du asaldaturik mass medien zapoa irentsi duen herritar batek. Galdera hauen bidez erantzun geniezaioke: zer da, ba, pertsona bat bere borondatearen kontra ziega batean atxikirik edukitzea? Estatuak heriotza zigorra legeztatuko balu erailketa izateari utziko al lioke? Eta zentzu berean, bahiketa legeztatuko balu? Zer desberdintasun dago bahitu eta preso baten artean?

Agian herritar xume horrek Zuzenbide ikasketak izanen lituzke eta zera esanen luke: «Estatuaren indarkeria ez da hala, lege batzuen pean egina delako, hau da, publikoak eta orokorrak diren arau batzuei segiturik, eta Estatua demokratikoa bada gainera, lege horiek egiteko prozeduran herritarrek parte hartzen dutelako». Herritar xume honek xehatu eta nolabait argudiatuko lizkiguke Estatuen ordezkariek urteetan erabilitako mantra ezberdinak: zuzenbide estatua, «demokratak vs terroristak» dikotomia eta abar.

Garbi dago baina, argudiaketa hori sistematik beretik abiatu eta eraikia dela, hau da, bere indarkeria bere baitan legitimatzen duela. Hitz larriz hitz egiten digute demokraziaz, zuzenbide estatuaz eta abar, baina estatu absolutu horren botere subiranoa herri jakin bat da, lurralde jakin batean ezartzen da, hizkuntza bat da ofizial lurralde osoan eta balio batzuk eta beraz ez beste batzuk jasotzen ditu bere konstituzioan.

Bada, herri subirano horren izendapena eta lurralde, hizkuntza eta balio horiek ez daitezke zuzenbidetik eta demokraziatik azaldu. Eta hemen heldu zaigu hurrengo galdera: zuzenbidetik eta demokraziatik ez bada, nola gailendu dira horiek denak beste batzuen aldean? Akaso ondoko adibideetara bakarrik mugaturik, baina esan dezakegu indarkeria izaten dela edo izan zela elementu garrantzitsuenetako bat. Honela, bada, Estatuak lege eta demokrazia bidez ezarritako indarkeria erabiltzen du lege aurreko indarkeriak betikotzeko.

Honen azaltzeak indarkerien partzialtasuna erakustea du helburu. Boteretsuen (estatuen) indarkeria horixe dela, hain zuzen, alde batekoena eta indarkeria, eta beraz, lorturiko botere horretatik eraikiriko sistemak ez dezake haien indarkeria zuritu.

Honen guziaren ildotik eta behingoagatik abstraktutik konkretura etorriz, geure gain ditugun estatuak ez dira neutro edo unibertsal. Herri espainola eta frantsesa dituzte botere subirano, beste herri batzuk bazterturik, tartean Euskal Herria. Hizkuntza espainola eta frantsesa lehenesten dituzte beste batzuk desagertzera kondenatuz eta balioei dagokionez, balio kapitalistak dituzte ardatz. Hori dela eta, darabilten indarra ez da legetik heldu denez gero indarkeria denik ere kontsidera ez daitekeen halabeharrezko zerbait, horien denen gailentasuna defenditzeko beharrezkoa duten zerbait baizik.

Hau guziagatik, Estatu espainol eta frantses kapitalisten eta haien indarkeriaren aurka eta Euskal Herri euskaldun, sozialista eta feminista baten alde, bi hitzordu garrantzitsu ditugu martxoan Iruñeko Donibane auzoan. Martxoaren 6an gogoratuko dugu Antxo eta martxoaren 13an Angel. Anima zaitezte! Gora Antxo! Gora Angel! Gora herria!