Xabi ZALBIDE
ZURI-GORRIEN ORROAK

Zentralitatearen alboerrietan

Ez dut hedabide-talde unionista batzuen eraginaz eta botereaz idatzi gura. Zer egingo diogu; ohitura daukat teoria konspiranoikoetara gehiegi ez lerratzeko, are gutxiago teoriak baino begien aurreko errealitateak direnean. Bego bere horretan, beraz, Nika Cuencaren izendapena halakoekin lotzeko tentazioa. Profesional ona ei da eta diote oso gai dela bere lana egiteko. Baina, jakina, betiko moduan etorri behar dugu betikoak matraka ematera, zergatik eta Cuencak euskaraz ez dakielako. Gordin esanda horrela baita kontua: Athletic Clubeko komunikazio buruak ez daki Bizkaiko hizkuntza ofizial bietako bat. Horrek hautsak apur bat harrotu zituen egun pare batez-edo, eta ondoren, bake mediatiko santua. Bai, lagunok, komunikabideen hausporik gabe olatuak hondarretan lez baretzen dira polemikaren afrontuak; Nika Cuenca Madriletik Bilborako etxe-aldaketan ibiliko da lerrook idatzi bitartean, eta nago bere hizkuntz ezgaitasunaren polemika eta ezinegona lo gaudela belarri paretik hegaz pasatzen den eltxoaren pareko izan zaiola.

Baina gatozen harira: larria da Cuencak euskaraz ez jakitea? Seguru nago orrialde hauek aurrez aurre dauzkaten guztiek baietz esango dutela, eta Athleticeko zale eta bazkide askok ere bai. Beste askok, berriz, gaitasun profesionala lehenetsi eta esango dute hori konpontzeko modukoa dela (lantaldean euskaldunak ipini eta kito, zu! Ez dakit zertara datorren zarata hau). Bestetzuentzat, masa sozialean gutxi izan arren, hau beste obsesio “nazionalista” bat izango da. Nork bere mundutxora egokitutako erantzunak dauzka. Dena dela, horren guztiaren gainetik Cuencaren izendapenak eta osteko haserreek −eta pozek− erakusten dutena da, argi eta garbi, euskarak duen zentralitate falta: zuzendaritza berriak keinuen politika bat hasi zuen ardurak hartu eta berehala (animazio harmailari aitortza eta baimenak, Pituren familiari harrera egitea…), baina euskara osagai zentral gisa hartzeko unea heldu delarik, bestelako irizpideak nagusitu dira. Ezin da esan harritzeko moduko kontua denik, baina uste dugunok Athletic Clubek eta erreferentziazko instituzio handiek euskararen alde gehitxoago egin dezaketela dezepzio bat poltsikoratu behar dugu ostera ere.